Miñan liburua irakurri eta klasean landu ondoren, Amets Arzallusekin solasaldia egiteko aukera izan genuen atzo, asteazkena, Azkoitiko AEK-ko ikasleok, irakasleok eta Mintzalaguneko partaideok.
Hasteko, testuinguruan kokatu gintuen Arzallusek; liburuaren ideia nola sortu zen azaldu ahal izateko, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan bizi duten egoera ezagutarazi zigun, baita Harrera Sareak egiten duen lana ere zein den kontatu ere.
Ibrahima Balde nola ezagutu zuen argituta eta liburuan azaltzen den errealitatea mahai gainean jarrita, entzuleok hainbat galdera egiteko parada izan genuen. Solasaldi interesgarria bezain hunkigarria izan zen. Migranteen gaia modu sakonagoan ezagutzeko aukera eman zigun Arzallusek eta gaiaz hausnartu genuen, giro goxoan.
Plazer handia izan zen bertaratutako guztiontzat. Eskerrik asko, Amets!