Mintzalagun egitasmoa martxan da 2019-2020 iksasturtean ere. 40 lagun inguru ari dira dagoeneko 11 taldetan, astero ordubete elkartuz. Indartsu dator Mintzalagun aurten eta hori dela eta urriaren 17an aurkezpen ekitaldia egingo dugu. Behin egitasmoa zertan datzan azaldu eta kide berriei ongietorria eginda, Iñigo Dierez izango dugu gurekin idatzi duen Katu liburua aurkezten, 19:00etan Elkargunean.
Esan, Azkoitiko AEK euskaltegian liburu honen lanketa egiten hasi garela eta mintzalagunek ere irakurriko balute, irakurketaren amaieran literatura tertulia egitea izango litzatekeela helburua. Baina herritarrak ere gonbidatu nahi ditugu aurkezpen honetara; azkoitiarra den idazle honen euskerazko liburua irakurtzean, denok irabazten baitugu : euskaldun zahar zein berriek, bidelagun zein bidelariek, euskal kulturak eta nola ez euskarak! Beraz, bidaia honetan gurekin murgildu nahi baduzu, etorri!
Gaineratu nahi dugu Azkoitiko AEK-k euskalduntze maila guztiak eskaintzen dituela. Bai ohiko klaseetan, bai autoikaskuntza formatuan. Baina zure arazoa hitz egitea bada, aurretik aipatu bezala, AEK-k Mintzalagun egitasmoa ere badu. Honen helburua, talde txikietan bildu eta euskaraz hitz egiteko konfianta lortzea da, baita Azkoitiko euskaldunen sarea sendotu eta elkar ezagutzea. Astean ordubete elkartzea da baldintza bakarra eta doan da.
Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 607 612 697 telefonora edota idatzi azkoitia@aek.eus helbidera.