Gure ikaskidea den Manolok oso sarrera polita egin zuen: “Nik Juan Luis, Pipi, txikitatik ezagutzen dut, koadrilakoa dut. Esan nahi dizuet gaur oso egun berezia dela niretzat, lehen aldia delako elkarrekin euskaraz hitz egiten dugula. Eta hemendik aurrera ere horrela egingo dugulako”.
Berehala hasi ginen prestatuta genituen galderak botatzen. Berak naturaltasun eta apaltasun osoz erantzun zituen guzti-guztiak.
Hasteko, idazten nolatan hasi zen jakin nahi izan genuen. Kontatu zigun O.H.Oko 5. mailan, “Senda” liburuan irakurtzen zituzten pasarteak asko gustatzen zitzaizkiola. “Eta nik, zergatik ez?” pentsatzen omen zuen. Orduan, gauza txikiak idazten hasi zen; berarentzat eta sekretuan. Literatura terapia bat ere ba omen zen, koadrilaz aparteko mundu zati bat.
Idazle izateko ikasketa zehatzik ez zegoenez, euskal filologia ikasten hasi zen. Hogei urte zituela, Tene Mujika lehiaketaren lehen ediziora aurkeztu eta irabazi egin zuen. Armairutik ateratzeko modu bat izan omen zen.
Idaztea beharra ala afizioa den galdetuta, beste modu batean esaten ez dituenak esateko balio diola erantzun zigun.
Ondoren, irakurri berri dugun “Gertaerei begira” liburuaz galdetu genion. Lehenik eta behin, guri hain arraroak iruditu zaizkigun istorio hauek nolatan bururatu zitzaizkion jakin nahi izan genuen. Intuizioz idatzitakoak direla esan zigun eta gauza guztien zergatia ez dela bilatu behar. Garai hura (1987an idatzi zuen) nahasia eta iluna zen eta horregatik omen du liburuak kutsu pesimista. Honetaz gain, urte haietan Andoaingo zine eta bideo eskolan euskara klaseak ematen zituen eta konturatu ziren euskaraz ez zela egiten gidoirik. Honen eraginez omen dute laburmetraien antza liburuko pasarteek. Bestalde, liburuan nabari da “La Cabina” eta garai hartako beste pelikula batzuen influentzia.
Bere beste libururen bat irakurtzeko gogoz gelditu ginen, eta datorren hiruhilekoan “Agur, Euzkadi” irakurtzea proposatu diogu irakasleari.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Juan Luisi euskaltegira etortzeagatik. Oso arratsalde atsegina pasatu genuen bere hurbiltasunari esker. Euskaltegiko ikaskide bat gehiago zirudien.
Eskerrik asko, Juan Luis!
AEKko Beteranoak.