Batzuen ustez, "euskaldunberri/euskaldunzahar" etiketak kendu egin behar dira. Taldean dugun euskaldun berri batek aldiz, harro dagoela eta etiketa hori mantendu nahi duela dio. "Baina, noiz arte izango zara euskaldun berria?" Galdetu dio ikaskide batek. "Betiko!" erantzun du harro. Iritziak iritzi, garbi dagoena da meriturik ez diegula kentzen euskaldun berriei. Are gehiago, beharrik izan ez arren, ikasi izana beti eskertuko diegu.
Honen harira, nola sentiarazi diezaiokegu, ez dakien horri, ikasteko beharra? Hasteko, geuk euskaldunok lehen hitza euskaraz eginda, noski. Honez gain, haurrek eredu euskaldunean ikasteak ere asko laguntzen du; izan ere, aitona-amona asko, berandu bada ere, ikasteko behar horretaz ohartzen dira. Esan beharra dago ordea, ikasi nahi duenak ez daukala oso erraza: baliabide gutxi daude, ordaindu beharra dago...
Kontuak kontu, gu oso gustura joaten gara euskaltegira. Elkarri lagunduz asko ikasten ari gara: azterketak prestatzen, alfabetatzen, euskaldun zaharrak birziklatzen, euskaldun berriak geure maila hobetzen...
Azken finean, esan dezakegu Euskarak lagunak eman dizkigula eta beraz, edonor animatuko genuke euskarara eta euskaltegira hurbiltzera.
Eta ez ahaztu:
HIZKUNTZA BAT EZ DA GALTZEN EZ DAKITENEK IKASTEN EZ DUTELAKO,
DAKITENEK HITZ EGITEN EZ DUTELAKO BAIZIK.
Azkoitiko AEKko BETERANOAK taldea.