Zehazki, txutxu-mutxuen aldizkari baten beharra nabarmendu eta ezinbestekotzat jo zuen euskal celebrityei buruzko “albisteak” lantzea, hutsaltasunaren bideak ere egokiak izan daitezkeelakoan euskara bultzatzeko: bertsolarien maitakeria kontuak, euskal musikarien sexu aferak, maitale ezkutuarekin Durangoko Azokan in fraganti harrapaturiko idazlearen argazkia, ETB1eko aurkezleen janzkeren azterketa, euskaltzainen parrandak... Zer kontatua sobera izango litzateke! Irakurriko zenuke horrelako aldizkaririk?
Azkoitiko AEK-ko arratsaldeko B2-ALFA taldea
1. Lourdes
Ez ditut txutxu-mutxuak gorroto, baina ez nuke zentimorik ere gastatuko horrelakoetan. Ile-apaindegian baino ez ditut irakurtzen.
2. Bizen
Jende ospetsua ez zait asko axola, baina herriko ezagun eta auzokideen inguruko txutxu-mutxuen herri aldizkaria bai, hori irakurriko nuke!
3. Manolo
Ni ez naiz horrelako aldizkarien zalea. Baina euskaraz irakurtzeko eta euskarari bultzada emateko balio badu, onartuko nuke.
4. Luis
Nik bai. Argitaratzen diren guztiak ezagutzen ditut eta, euskalduna argitaratuko balitz, hura ere irakurriko nuke. Ziur nago ezetz esaten dutenek ere irakurriko luketela.
5. Agustin
Celebrityen bizitzari buruzko aldizkari asko daude. Nik politikarien bizitzaz jakin nahiko nuke gehiago. Bereziki, beraien egunerokoan betetzen dituzten zereginei buruz.
6. Javier
Nik, irakurri baino, nahiago dut aldizkarian lan egin, paparazzi. Gainera, horrela, bertatik bertara ikusiko nituzke pertsonaia ospetsuak.