Bidegurutzean nora jo

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2026ko otsailaren 24a

Irakasle bat, arbelaren aurrean. (Freepik)

Aitor Arruti kolaboratzaileak urtarrileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Bidegurutzean nora jo.

Aski kontu jakina da ideiek mugitzen gaituztela, aspalditik, gizakiok pentsatzeko gai garenez geroztik behintzat bai. Norbait ideia batek konbentzitu baldin badu, ideiak eramango du herrestan, alfer samarrik jardungo diozu okerreko gidaria duela esaten. Euskaldunok ezin, bada, horretan ere salbuespena izan, eta ideia jakin batzuk jarraitu izan ditugu aspaldion, noiz gure onerako, noiz gure kalterako. 

Gure baitako ideiak izan ditugu euskara maitatzea, euskara salbatzea, erdaldunak xarmatzea, euskara aisialdiarekin lotzea, bidegurutzean bidea asmatzea, euskara umore onari uztartzea, arrotzak liluratzea, jauzia egitea. Eta euskal hiztunok, jakinaren gainean edo konturatu gabe, sinetsi izan dugu ideiaren eslogana jarraitzea bazela nahikoa, guk hori esan eta egin ahala estrategia norbaitek markatuko zigula. Hala ibili gara, estrategia zuzenik ezean, ideia horien zerbitzura jokatuz. Badugu garaia, beraz, bidegurutzean nora jo asmatzeko; ideiak euskal hiztunon zerbitzura jartzeko unea iritsi da honezkero.

Hamabost urte pasa ibili da eskola publikoan klaseak ematen, euskaraz hitzik egin gabe

Egia da, izan, orain arteko bideak ezin konta ahala oker ulertze eragin dituela, ia guztion kalterako. Deigarria iruditu zitzaidan, esate baterako, frantseseko irakasle donostiar baten kasua. Hamabost urte pasa ibili da eskola publikoan klaseak ematen, euskaraz hitzik egin gabe. Funtzionario izateko oposizioak eginda, ez zituen atera, euskaraz ez dakielako, eta diskriminatuta sentitzen da. Euskarazko telebistan espainolez mintzo, suminduta sumatu nuen, bidegabekeria galanta egin ziotela aldarrikatzean. Gaixoa, pentsatu nuen, nonbait gaurdaino ez da jabetu euskara hizkuntza nagusi duen hezkuntza sistema daukagula hemen, jende gehienak hala eskatuta, kontu naturala dela hala izatea, hori dela bidezkoa gainera, zer bestela euskararen herrian. Euskal Herrian kasu asko ditugu horrelakoak, hara noraino iristen zaizkigun okerreko ideiak jarraitzearen kalteak.

Halako beste kalterik gerta ez dadin, euskaldunok erakutsi behar diegu gure politikoei, alderdikeriak, xarmak eta lilurak utzita, neurri eraginkorrak hartzeko garaia dutela. Ideiak behingoz argi ditugula, estandarteak utzi eta efizientziaz jokatzeko unea da, euskaraz hitz egiten jarraitu nahi baldin badugu. Euskaldun izaten jarraitzea benetan axola baldin bazaigu, herritarrok azaldu behar diegu politikoei euskara lehenetsi behar dutela alor guztietan; euskara hil ala biziko mehatxuan izanda, exijitzeko garaia dugu. Hara jauzia norantz egin dezakegun, hara bidegurutzean norantz jo behar dugun.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide