Ilargiaren ezkutuko aldea

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2022ko aza. 15a, 11:07

Aitor Arrutik urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Ilargiaren ezkutuko aldea'.

Jose Saramago idazleari irakurri nion behin gure planetan pertsona bakar bat goseak dagoen bitartean ezin dela onartu espaziora koheteak bidaltzen ibiltzea. Hogeita bost mila lagun inguru hiltzen dira egunero orain desnutrizioz, eta munduko herrialde ahaltsuenak espazio ontziak aireratzen dabiltza, kontzientzia garbiz. Eta kontuak zer diren, artikulu hau idazten ari naizen unean, ilargira iristeko Artemis I misioko jaurtiketa bigarren aldiz atzeratu dute.

Ilargirako misioaren kontuak argitzeko, AEBetako Kaliforniako Stanford unibertsitateko Eneko Axpe fisikariarekin egin dute bat EITBko kazetariek, NASArako ere lan egiten baitu Barakaldoko zientzialariak, Maisha MC rap kantaria izateaz gain. Euskadi Irratian askotan entzun izan dut, eta lehen aldiz aditu dut gaur gaztelaniaz hitz egiten, ETB2an. Axpe orain arte euskaraz aditu ondoren, zenbait burutazio eragin dizkit haren azalpenak espainolez entzuteak.

Duela urte batzuk, plataforma bat sortu zuten hedabideetan agertu ohi diren lagun batzuek, euskaraz dakien jendeari euskal komunikabideetan adierazpenak euskaraz soilik egitea eskatzeko, eta izan zuen nolabaiteko eragina. Kazetariak elkarrizketatu euskaldunari bi hizkuntzatan erantzuteko eskatutakoan, euskaraz bakarrik ihardetsiko zuela esango zion elkarrizketatuak kazetariari. Oraindik ere badira horretan jarraitzen duten elkarrizketatuak, baina jende gehienak bi hizkuntzetan erantzuten duela esango nuke.

Euskaldun batek esan dezakeena hedabideentzat interesgarria baldin bada, kazetariek alderantziz jokatu beharko lukete. Euskaldunari euskaraz soilik egiteko eskatu beharko liokete, eta hala jokatzean saritu egin beharko lukete bai elkarrizketatua eta bai kazetaria, ganorazko hizkuntza politika bat aplikatuko baldin bagenu euskal herrietan. Euskaraz mintzo diren ereduak bultzatuko genituzke horrela, bertako hizkuntzari dagokion balioa emanda, hizkuntza gehiago jakiteagatik elkarrizketatuari lan bikoitza ezarri beharrean. Horretarako, euskaraz bizi daitekeen Euskal Herri batean sinesten duten agintariak beharko genituzke erakunde guztietan, eta, badakit, ilargira koheteak bidaltzea baino zailagoa da hori, are munduan gosea desegitea baino gaitzagoa ere bai akaso.

Agintari euskaltzale taxuzkoak izango baldin bagenitu, euskararen aurkako ikasle gutxiago izango lituzke Lorea irakasleak Donostian, gaztelania gutxiago eta euskara gehiago entzungo genuke Azkoitiko kaleetan eta euskaldunok ilargiaren ezkutuko aldean bizitzeari utziko genioke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide