Ume askok ez daukate astirik oinetakoen lokarriak lotzeko orain. Lokarriak lotuta janzten eta eranzten dituzte oinetakoak, behartu egiten dituzte, eskurik erabili gabe, lokarriak askatzeke, oinetan zuzenean sartuz, indarka hanka sartzen, harik eta apurtu egiten dituzten arte. Horrelakoak ikusita, esan dezakegu itxialdi pandemikoan etxean sartuta egoteak ez zigula balio izan lasai bizitzearen onurak gure haurrei erakusteko; baldinbaitere, helduok horretaz zenbat ote dakigun galdetzen hasi beharko genuke aurrena. Kontuak kontu, aspaldi luzean umeek oinetakoak bezalatsu erabili dugu euskaldunok lehenengo komunikatzeko tresna omen dugun euskara ere. Presaren gurpilean arrapaladan sartuta goazela, arreta handirik gabe darabilgu gure hizkuntza, eta konturatzen garenerako zabartu egiten zaigu mingainean, baldartu ordenagailuan, ezindu mugikorrean, halako batean ezertarako balio ez digun arte.
Duela hilabete inguru, etxepeko erantzungailuan gure etxera deitu zuen norbaitek. Egiten ari nintzenari utzi eta zein zen galdetzera joan nintzenean, gaztelaniaz erantzun zidan gizonezko ahots batek, eta tonu neutroan eskaera egin: "Revista del ayuntamiento. ¿Me abre? Gracias". Dena jarraian. Eta, iruditzen zait niri, soziolinguistikaz nik baino puska bat gehiago dakien norbaitek erabaki baldin badu udalak argitaratzen duen Kontzejupetik euskaraz eta espainolez erdibana plazaratu behar dela, banatu ere ez al litzateke elebitan egin beharko? Hori gutxienez bai, beharko ba, bi eletan argitaratzea erabaki duen norbait horren azalean sartzen ahaleginduta, oraindik ere gu ibili behar iparrorratzik gabe dabiltzanak ulertzeko ahaleginean.
Baina ez du merezi erretxinduta bizitzea, bai zera, alde ederra lagunarteko lainezan elkar zirikatuz aritzea. Eta, kontuak zer diren, akordatu naiz esaten duguna nola esaten dugun nahi baino gehiagotan ez garela konturatzen, berriketa txinpartatsuan ari garenean, batzuetan mugikorrari begira, besteetan mintzakideari tamainan kasu eginez. Orain dela gutxi, lau azkoitiar euskaldun entzun nituen, hitz eta pitz, eleketa alaian, terrazako eguzkipean. Gure telebista nazionaleko Herri txiki, infernu handi saioak Azkoitiari eskainitako atala komentatzen ari ziren, espainol batu klasikoan. Eta gurpila gero eta zoroago doa, eta auskalo, halako batean azpian harrapatuko gaitu argi ibili ezean, eta orduan irlandarrak bezala geratuko gara, tabernei izena jartzeko soilik balio duen hizkuntza batekin.