Hizkuntzak giltza

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2021ko api. 9a, 09:30

Aitor Arruti Rezabalek martxoko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Hizkuntzak giltza'.

Bizitza ate ugariko etxea baldin balitz, ate bakoitzak sarraila itxi bat izango luke. Ate bakoitzaren atzean misterio liluragarri bana legoke, bizimodu, jolas eta jakintza apainez mozorrotuta. Ate horiek zabaltzeko giltzak dira hizkuntzak.

Cristina Garmendia Mendizabal donostiarra da, biologian doktorea, Zapateroren Espainiako gobernuan Zientzia eta Berrikuntza ministro izana eta Cotec Berrikuntza fundazioko presidentea, besteak beste. Ministro zela egin zioten elkarrizketa batean, kazetariak galdetu zion, aita Idiazabalgo euskalduna izanda, ea euskaraz hitz egiten ba al zekien. Garmendiak ezetz, ez zekiela; aita zenak ez zuela espainolik ikasi hamazazpi urte bete arte, baina, hala zioen ministroak: "sentitzen dut, gure garaian euskara bi urtez soilik ikasten zen". Erantzutean, haren ikastetxe izandako kolegio frantsesari buruz ariko zen, ez ordurako abian ziren ikastolez. Etxekoei eskertzeko omen zeukan bere kabuz pentsatzen erakutsi izana.

Beste donostiar batek, Iñaki Gabilondo kazetariak, Rafael Yuste neurobiologo madrildarrari egindako elkarrizketa ikusi nuen beste behin. New Yorkeko Columbia unibertsitateko ikertzailea da, Biologia Zientzietako eta Neurobiologiako katedraduna, Obamaren administrazioko BRAIN ekimen ospetsuaren bultzatzailea.

Rafael Yuste euskara ikasten ari zen elkarrizketa garaian; Oñatiko euskalkia, zehazki. Gabilondok, zientzialariak Columbian "gure antzinako hizkuntza maitea" ikasteaz harrituta, azentu kaskarreko euskaraz galdetu zion: "Zergatik?". "Euskara maite dudalako" erantzun zion Yustek. Haren iritziz, "euskara Europa osoaren giza kultur katedrala da, europar guztiok ikasi beharko genuke. Egitura gramatikal zehatz sinestezina dauka, eta mundua deskribatzeko modu zeharo zuzena". "Hurrengo elkarrizketa euskaraz egingo dugu", bota zion Gabilondori; lan txarra euskara sentituz hitz eginez baino gehiago dakienarentzat.

Jose Saramagori Agenda Latinoamerikarrean irakurri nionez, Lurrean jendea goseak dagoen bitartean ez litzateke Martera joateko espedizioetan xentimorik gastatu behar. Norbera ondo egoteko, ingurukoak ere aseta badaude hobe, janariz eta jakitez; ase ostean, misterioen ateetara jakin-minez iritsi gaitezke. Zabaltzeko giltzak eskuratu beharko ditugu, nork bere etxekoa galdu gabe. Hala ulertu zuen Yustek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide