Aurtengo udaberri ezohikoan, hainbat ebidentzia ezagutzeko aukera izan dugu, zientziaren laguntzaz batzuetan, guk geuk bizitakoaren harira besteetan. Helduleku fidagarrien bila ibili naiz ni egunero, datu jasa itogarrian murgilduta, munduan zehar zientzialariak gaitzen aurkako txerto bila ari ziren bitartean.
Batetik, informazioa kontrastatze aldera, hainbat hedabidetara jo izan dut itxialdian: Euskadi irratia, Radio Euskadi, RNE, R3, Maxixatzen, Argia, Berria, ETB1, ETB2, La Sexta, El Pais, BBC eta orain gogoan ez ditudan aldizkako besteren batzuk. Hedabide publikoen izaera kritiko gabezia asaldagarria iruditu zaidan arren, informazio emaileak elkarren artean erkatuz gero, ondorio moduan euskarazkoak erdarazkoak baino fidagarriagoak iruditu zaizkit oro har. Gainera, ez naiz ni irudipen hori izan duen bakarra, Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behatokiko koordinatzaileari irakurri diodanez: "Fake news arteko nabigazioa toxikoagoa da ziurrenik erdaretan euskarazko prentsan baino". Fidagarritasun maila aparta eman dute, besteak beste, Miren Basarasek eta Ana Galarragak, datuak zientziaren galbahetik pasata eskaintzeko eginkizunean.
Bestetik, ageri-agerian gelditu da gure administrazio gehienek serio hitz egin behar dutenean zer hizkuntza erabili nahi duten. Euskarazko hedabideetan parrastaka sartu dira erdarazko lekukotzak, askotan euskaraz hitzik ere ez dutelako egin. Euskaraz egindakoen artean, ostera, Osasun saileko arduradunek emandako maila arlo bereko langile askori eskatzen zaienaren oso azpitik egon da; mezua ulertzeko lanak izan da sarritan. Esparru horretan, ebidentzia zientifikoa izan da euskara gutxietsi izana. Erdaraz une oro zuzenean jaso ahal izan da informazioa, euskaraz ez, eta euskaraz eman denetan, hizkuntza baldar erabiltzeak mezua ez ulertzea eragin du.
Azkenik, zientziarekin lotutako datu jakingarri bat. Jatorriz azkoitiarra den Haritz Irizar biologoak egiaztatu duenez, mundu osoko hamar mila biztanle baino gehiagoko herri guztiak kontuan hartuta, COVID-19ak gutxien erasandako eskualdea izan da Urola Erdia. Hamar mila lagun baino gehiagoko biziguneen artean, gure planetako herririk euskaldunenak dira Azkoitia eta Azpeitia. Bi datu horiek aintzat hartuta, ia berez dator silogismoa: euskaraz jakitea koronabirusa uxatzeko aldagaietako bat izan daiteke. Ez da ebidentzia zientifikoa, baina ideia batzuk osasunari mesede egiten diote, betiere baldin eta irribarre ironikoa ernarazteko gai badira.