Estimatzeko egun bat gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2016ko urr. 4a, 12:25

Maxixatzenen 20. urteurreneko jaian parte hartu zuten dantzariak eta Maxixatzeneko kideak.

Estimatzekoa izan zen niretzat joan den zapatua, Maxixatzeneko kide sentitzen garenok hogeigarren urteurrena ospatzeko aukeratutako eguna.

 

Estimagarria da jabetzea herriko jendearekin bakarrik antolatutako ekitaldi xume batekin bizi pozaren hazia nola erein daitekeen hainbat parte hartzailerengan: batere arrandiarik gabeko ospakizunak emozio-olde pizgarria eragin dezake.

Estimatzen dut benetan hainbat belaunalditako jendeak une jakinetan bat egin izana, arreta biziz interesa, poza, irrika hari berean sentitzen eta, orobat, bizi nahi duguna bizitzen; zahar eta gazte irribarre berberak argitzeak bizi nahi atabiko esplikaezina eragiten dit.

Estimatzekoa izan zen eskura ditugun baliabideekin egin, osatu, jaso, altxatu, mamitu, gorpuztu, egituratu, eraiki dezakegun guztia beste behin nire bihotz-begien aurrean ikustea.

Estimatzen dizuet parte hartzaile eta gogokideoi oro aipatutako guztia eta hitzez adierazten asmatzen ez dudan gehiago ere bai: gora zuek eta zuen moduko jendea.

Loturan, Maxixatzenen 20. urteurreneko bideoak eta argazkiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide