Koldo Campos Sagaseta: Gure gonbidatuak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2015ko urr. 8a, 05:48

Ongi Etorri Azkoitira Elkartasun Sareak antolatutako elkartasun testuen irakurketarako euskaratu dut Koldo Campos Sagaseta idazle adiskidearen testu hau, Gara, Rebelion eta beste zenbait hedabidetan argitaratua.

 

Gure lehenengo mundu izeneko honek Afrikako kostaldeetan bere hondakin toxikoak uzten dituen bakoitzean edo Somalia eta beste herrialde batzuetako arrantza-lekuak agortzen dituen bakoitzean, etorkizuneraino luzatutako heriotza- eta suntsiketa-hazia ereiten du; horrez gain, bere ekinean gaixotzen eta hiltzen dituenak Europara eta Estatu Batuetara gonbidatzen ari da.

Merkatuaren interesek irabaziak gehitzen edo gutxitzen dituzten bakoitzean, gobernuak kentzen edo jartzen dituzten bakoitzean, mugak marratzen edo mugitzen dituzten bakoitzean,

horrekin zatitzen eta hiltzen dituzten herritarrak gonbidatzen ari dira euren hiritzar jendetsuetara emigra dezaten.

Aurrerabidearen izenean, gure axolagabekeria edo gure botoekin haiei lursailak hondatzen dizkiegun bakoitzean, euren mineralak arpilatzen ditugun bakoitzean, baliabideak lapurtzen dizkiegun bakoitzean, Siriara, Libiara, Palestinara gerra eramaten diegun bakoitzean,

ondasunak eta eskubideak ostu dizkiegun horiek ondoko etxebizitzara gonbidatzen ari gara.

Ez dakit etortzen zaizkigunean zer ekarri ahal izango diguten: hemen dagoeneko falta zaigun zentzuna, galdua dugun duintasuna, ukatzen jarraitzen dugun arrazoia, bizi gaituen gorrotoaren ordaina emango digun maitasuna beharbada.

Ez dakit gure hipokrisia eta diru-gosea desarmatzen laguntzerik izango duten, atzendutako etika berreskuratzen.

Ez dakit erakusteko gai izango diren guri partekatzen, natura izaten.

Baina ziur badakit, bai, haiek ez direla errefuxiatuak, ezta emigranteak ere, are dokumentugabeak ere ez…

Haiek gure gonbidatuak dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide