Mandeuliak udan

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2015ko abu. 14a, 09:26

Uda garaian indartsu ibili ohi dira euli gogaikarriak etxean. Aztoratu egiten nau eulien hego-hotsa etengabe entzuteak, eta neure onetik ateratzen nau euliak besoan, lepoan, buruan edo gorputzeko edozein ataletan pausatzeak.

Euliak azalera arrimatzen hasten zaizkidanean, ama zenari ikasi genion prozedura jartzen dut abian. Zapi heze zahar bat hartu, eta mendekuari ematen diot bide, aldi labur baterako bakezaletasuna alboratuta, neure bakearen alde betiere.

Uda garaian harro ibili ohi dira eztendun mandeuliak ere gure herrietako kale, taberna eta txokoetan. Nazkagarria dute ar-hizkera askotan, zakar portatzen dira mandeuli-arrak hainbatetan, drogaren bat hartu izana aitzakia.

Eta haiek neskengana arrimatu baino lehen, asmatu beharko genuke prozeduraren bat mandeuli horiek normal portatzen ikas dezaten trabarik, nazkarik, kalterik, ez eragiten; guztiok eragotzi eta erakutsi diezaiegun behingoz.

Ez dezaten gehiago inor aztoratu eta bere onetik atera, bada garaia eta.

 

Aitor Arruti Rezabal

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide