Anari: 'Ni inoiz ez naiz profeta izan Azkoitian'

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2015ko eka. 1a, 21:08

Musikak badu gugan emozioak eragiteko ahalmena. Norbaitek noizbait soinu batzuk sortu eta kateatzen ditu; norbaitek soinu-kate hori interpretatzen du ahots hutsez edota instrumentu bitartez, eta norbaitek musika hori entzun egiten du. Bi bihotz hari bakarraren alde banatan musikarekin taupaka.

 

Hala ere, gaur egun badira eragin baxuko musika motak, sentimendurik apenas eragiten digutenak. Anari azkoitiarraren musika ez da horietakoa.

Zure aurrekari penalak diskoa atera berritan, Anariren kontzertua antolatu du Maxixatzenek maiatzaren 30rako Matadeixen; gaueko hamarretan izango da hitzordua. Honetaz eta hartaz sortzailearekin egindako elkarrizketa duzu hemen jarraian:

Orain arteko diskoetan sortzeko gaiak eta moduak aldatuz joan zara. Nola mamitu zen zugan Zure aurrekari penalak sortzeko ideia?

Diskotik diskora beti dago aurreko lanetik atera eta beste pausu bat emateko intentzio bat. Disko bakoitzetik ateratzeko, pare bat urte ematen ditut, biran, eta hortik aurrera hasten naiz beste pausu hori norantz eman pentsatzen.

Hori litzateke, edo izan da behintzat, nire ziklo naturala.

Disko berrian aurreko lanetako zeri eutsi nahi izan diozu eta zer aldatu duzu nahita?

Nik uste dut denboran zehar kantu bera idazten ari naizela. Agian hiru edo lau kantu mota egon daitezke nire kantagintzan, eta esango nuke beti berrikuste bat dela; bai melodikoki eta bai hitzetan ere. Esan nahi dut, adibidez, nire kantu tipo bat bada kantu luzea, melodia eta intentsitatean garapen bat duena; bada, esan daiteke abesti hori behin eta berriz idazten ari naizela.

Horrez gain, gitarren inguruan lanketa desberdin bat egiten saiatu gara, beste gitarrista batzuk gonbidatuta. Eta dudarik gabe, niretzat aldaketa kontziente eta lan gehiena eman didana hitzetan egon da.

Hitzak zure musikaren osagai funtsezkoak iruditzen zaizkit. Zenbateko garrantzia ematen diezu hitzei eta musikari nahi duzuna sortzeko garaian?

Nik uste dut oraintxe, hitzak direla niretzat garrantzitsuena. Buelta asko ematen dizkiet eta asko kostatzen zait hitzekin gustura geratzea. Gero hitz horiek, paperetik kantura pasatzean beste dimentsio bat hartzen dute, eta hor ere lan handia egiten dut intentsitatea, koherentzia, narrazioa eta horrelako kontuekin.

Azken diskoetan zeuk idatzitako hitzak erabili dituzu, benetan poetikoak askotan. Prozesu erosoa al da zuretzat idaztea?

Bai. Ez dut presarik hartzen, eta esan daiteke bost urte hartu ditudala oraingoan ere, bederatzi abesti idazteko. Hala ere, esango dizut, gustura lau-bostekin geratzea asko dela. Beraz, pentsatu ze lan!

Ez dakit erosoa den, ni beti ari naiz idazten eta abestiak egiten, disko bakoitzean gauza asko geratzen dira kanpoan, askoz gehiago idazten dut, eta gero halako destilazio baten bidez, edo aukeraketa baten bitartez batzuk hartu eta besteak bazter uzten ditut.

Disko berria argitaratuz geroztik, laugarren kontzertua izango da Matadeikoa. Nola sentitzen zara zeure herrian jo aurreko unean?

Ni inoiz ez naiz “profeta” izan Azkoitian. Hasi nintzenean nahiko arrotz sentitzen nintzen, eta sentitzen ninduten. Ez dakit inork imajinatu dezakeen, baina ni kantatzen hasi nintzenean, oso arraroa zen Azkoitian euskaraz abestea. Trikitilariek, eta berbena taldeek euskaraz egiten zuten, baina gure aurreko belaunaldiko taldeek, gazteleraz egiten zuten, edo ingelesez.

Azkoitian oso harro gaude euskaraz asko hitz egiten dugulako, baina uste dut oraindik ere lana egin behar dela Azkoitian euskaraz egiten diren gauzei “prestigioa” emateko. Azkoitian gehiegizko garrantzia eman zaie Espainiako historiaren parte diren gure herriko erreferentziei, eta hori oso sartuta dago oraindik. Eta musika arloan gauza klasikoei pisu handia ematen zaie. Uste dut erlazionatuta daudela.

Eta zer esan hainbeste urtetan programatu diren kontzertuei: horko Rosario, horko Loquillo eta abarrei… Eta ez dut esan nahi talde guztiak euskaldunak izan behar dutenik, baina behin geuretik irteten hasita, talde batek zergatik ez du izan behar portugaldarra, frantsesa edo eskoziarra? Bi hitzetan, uste dut oso espainola izan dela Azkoitiaren kultur ikuspegia.

Azkoitia bezalako herri euskaldun batean, esate baterako, bertsolaritzak ez du batere pisurik izan, beste herri batzuekin alderatuta; eta uste dut horren arrazoia prestigio horren kontua dela.

Zorionez, gauzak aldatzen ari dira; eta bai Matadeixeren inguruan, euskara taldeen inguruan, beste dinamika batzuk sortu dira, eta asko normaltzen ari garela esango nuke. Eta hori berri ona da.

Maxixatzenek antolatutako kontzertua izanik, zer iritzi duzu Azkoitian herri komunikabide berria estreinatu izanaren inguruan?

Nik pena izugarria hartu nuen Maxixatzen fisikoki desagertu zenean. Aurreko galderako erantzunarekin lotuz, Azkoitia bezalako herri euskaldunean ere oso garrantzitsua da euskara talde sendo bat egotea, perspektiba zabal batekin. Eta hauteskunde osteko garaian gauden honetan, iruditzen zait alderdi guztiek ulertu, errespetatu eta bultzatu behar dutela Maxixatzenen eta euskara taldeen lana, beraien interesetatik haratago.

Maxixatzen beharrezkoa da Azkoitirako, herri aldizkariak garrantzizkoak iruditzen zaizkit, herritik eta herrirako eginda daudelako, eta hori Maxixatzenek oso ondo bermatzen duela iruditzen zait.

Oso jende balekoa zaudetela iruditzen zait proiektu horren inguruan, eta zorterik handiena opa dizuet proiektuarekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide