Eduardo Galeano: esnatzeko hitzak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2015ko api. 16a, 09:47

Astea hastearekin batera jakin genuen bi idazle handi zendu zirela: Eduardo Galeano eta Guenter Grass. Grass gutxi ezagutu izan dut; letzen hasi eta utzitako libururen bat, bizitzako xehetasunak eta gogoeta interesgarri batzuk. Eduardo Galeano, aldiz, nire pentsalari kuttunen artean daukat gordea.

 

Orain dela urte mordoxka bat, aparteko ekimen batean parte hartzeko aukera izan nuen lagun batzuei esker. Maixux Rekalde adiskidearen eskutik, Euskal Herrian Oscar Romero solidaritza batzordeak zabaltzen zuen Agenda Latinoamericana euskaratzen aritu ginen gazte batzuk zenbait urtez.

Udako oporraldiaren hasieran, uztailean egiten genuen Agenda euskaratzeko lan banaketa, eta buru-belarri ekiten genion lanari, ahal bazen Saninaziotarako eginkizunak bukatu ahal izateko. Hainbat artikulu mamitsu euskaratzea egokitu zitzaidan, eta haien arteko batzuk Eduardo Galeanok idatziak ziren, haren hitzak aipatzen zituztenak beste zenbait.

Ordura arte ezagutzen ez nuen bizi-arnasa zerien Agendako testuei orobat, niretzako berritzailea zen pentsamolde eta izaera bat; arbasoen jakinduria ahaztu gabe bide bidezkoa egiteko proposamena zekarten. Ildo horretako gogoetak ziren Galeanorenak, aurrerabide atzerakoia salatuz, boterea eta ahalduntzea aurrez aurre jarriz, ahotsik gabekoei hitza emanez, bidegabekeriak azaleratuz, bakearen aldarria ozen oihukatuz.

Gezurraren zartailua botereak mugitzen duela ikasi nuen, komunikabide handiak bere esku dituzten agintariek, hain zuzen, eta gezurra erabiltzen dutela eurek etengabe egiten dituzten ankerkeriak estaltzeko. Ezinbestekoa da ustezko egia diren gezurrak adieraztea, mozorrotutako egia faltsuak biluztea, Galeanok hitz zehatz eta ederrez egin zuen moduan.

Galeanok berak esana omen da honakoa, burusoil izatea goxatzeko beharbada: "Ilea benetan garrantzizkoa baldin balitz, barrurantz haziko litzateke." Beste hainbeste esan daiteke boteretsuen eskuetan dagoen egiaz ere; nolako indarra duen badakitenez, gorde egiten dute, hedabide erraldoien bitartez komeni zaizkien gezurrak gure buruetan txertatzeko.

Nolanahi ere, goxotasunez gogoratzen ditut uztail haietako lanak, eta besarkada bana bidali nahi diet Maixux Rekalderi eta Agenda Latinoamerikarra euskarara itzultzeko lanean kide izan nituen guztiei.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide