Behin San Andres txapelketaren zurrunbiloa eta Gabonetako txapelketa igarota, xake-jarduerak gora egingo du berriro, eta horren emaitza izango da 41. Kattu Memoriala, aurten ere gazteenei zuzenduta egongo dena. Txapelketa hilaren 28an jokatuko da, 10:00etan, Kultur Etxean, eta gehienez 30 jokalariko edukiera espero da.
Suitzako sistemaz jokatuko da, zazpi txandatan eta blitz abiaduran —3 minutu gehi 3 segundo—. Ondoren, Errexil tabernan mokadua izango da parte hartzaile guztientzat. Sariak ere han banatuko dira, eta omenaldia egingo zaio Katturi.
Horrez gain, hilaren 19an aukeratuko da urteko Azkoitiko Kirolari Onena, baita Anaitasuna-Kakuteko kirolaririk onena ere. Klubeko aitortua Juan Carlos Valor izango da, Gipuzkoako Ligan lortutako emaitza bikainagatik eta aurtengo Anai Beteranoetan lortutako garaipenagatik.
Hilaren 20an, berriz, Tomas Conde memoriala jokatuko da Elgoibarren, eta Azkoitiko talde bat han izango da. Hilaren 23an, aldiz, Debako Xake Festa jokatuko da, eta dagoeneko hainbat kide izena emanda daude. Abenduaren 27an Azpeitian izango da hitzordua, 14 urtez azpiko jaialdi batean, eta hilaren, 29an Zumaian amaituko da denboraldia, Blitz txapelketa polit batekin. Oso ondo antolatua eta xakearen lagun onak biltzen dituen txapelketa da, eta han izango gara gu ere.