Emaitza onak lortu dituzte Bera eta Luken Pascualek

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna-Kakute xake taldea 2025ko ira. 7a, 10:02

Bera eta Luken Pascual. (Anaitasuna-Kakute xake kluba)

Anai xake eskolako bi xakelariek 14 urtez azpiko Beraun Xake Txapelketan parte hartu dute, lan ona eginez. Datorren astean Azpeitian eta Hondarribian ariko dira Anaitasuna-Kakute xake klubeko jokalariak.

Atzo, larunbata, 14 urtez azpiko Beraun Xake Txapelketa jokatu zuten Errenterian. Lehiaketa horretan parte hartu zuten Anai Xake Eskolako Bera eta Luken Pascualek, lan bikaina eginez

Bera ez zen ondo hasi, baina partida onak jokatuta bukatu zuen, eta bederatzigarren postuan amaitu zuen, 4,5 punturekin. Luken, aldiz, puntuazio bikaina ari zen egiten, baina azken biak galdu egin zituen. Emaitzak baino gehiago, jolaserako grina eta kontzeptuen asimilazioa baloratu behar dira, horrek bultzatuko baititu aurrera egitera. beraun txapelketa Pedro Garcia xakelariak irabazi zuen 6 punturekin.

Datorren astean, Azpeitia Xake Txapelketa jokatuko da, eta Azkoititik talde bat joango da txapelketa hori jokatzera. Era berean, Hondarribian VIII. Xake Jaialdia jokatuko da, ondo bereizitako kategoria ezberdinekin eta azkoitiar xakelarien parte hartzearekin. Horiei guztiei, zorte on.

Bitartean, Anaitasuna-Kakute xake kluba lurraldeko txapelketa prestatzen ari da. Hirugarren mailako Gipuzkoa txapelketa honetan dagoeneko bederatzi pertsonek eman dute izena eta urriaren 11tik azaroaren 22ra larunbatero jokatuko da  Azkoitiko Kultur Etxean,16:00etan hasita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide