Larunbatean amaitu zen jubenilen, kadeteen eta promesa mailakoen Euskadiko Txapelketa Eibarko Unibertsitatean. Anaitasuna Kakute xake taldeko bost jokalari azkoitiar lehiatu ziren han, ilusio, gogo eta prestakuntza handiarekin. Baina gauzak ez ziren espero bezala atera, eta pena handia izan da, denek maila onean jokatu baitzuten, taulan iltzatuta eta partida bakoitza landuta... baina emaitzak ez ziren iritsi. Horren aurrean, zuzendaritzak honako hau jakinarazi du: "Garrantzitsuena aurre egin eta posizio bakoitza landu dutela, baina horrek ez du garaipena ziurtatzen; jokalariek ageriko gaitasuna izan dute, baina ez dute espero zen emaitza eman. Iaz, joko, lan eta gaitasun gutxiagorekin, emaitza hobeak lortu ziren. Horrelakoa da kirola, eta xakea oso gogorra da zentzu horretan. Alderdirik positiboena da beraiek ere bidea ikusi dutela: jokoa asko hobetu dute, eta emaitzak iritsiko dira".
Jubeniletan Ibon Muñozek irabazi zuen 4,5 punturekin; maila altuena duen kategoria da hori. Xuban Garatek, berriz, 12. postuan bukatu zuen 0,5 punturekin eta txapelketa honetan puntuak lortzea zein zaila den ikusi ahal izan zuen hark.
Promesa mailakoen artean, Krystina Yatseiko ukrainarra gailendu zen, bost punturekin. Alaitz Hidalgok bi puntu lortu zituen (32. postua) eta Mikel Arriolak puntu bat (35. postua). Puntuazioak eragiten duen pisu izugarria kentu zuten gainetik biek ala biek, baina normalean baino askoz hobeto jokatu zuten biek, eta hori da garrantzitsuena. Horiek dira kirolaren kontuak. Lan ona, gazteak...