Anaitasuna Kakuteko xakelariak Hirugarren Mailan liderrak

Xakelariak atzo Azkoitiko Kultur Etxean. (Anaitasuna-Kakute xake kluba)

Gipuzkoako taldekako txapelketako seigarren jardunaldia jokatu zuten atzo Azkoitiko Kultur Etxean. Datorren igandean, berriz, eskualdeko eskolarteko txapelketako partidak izango dira.

Gipuzkoako xake ligako taldekako txapelketako seigarren jardunaldia jokatu zen atzo, larunbata, Azkoitiko Kultur Etxean.

Preferente mailan, berdinketa egin zuten Anaitasuna Kakute xake klubeko xakelariek Gros E taldekoekin, Carlos Sanchezek eta Jose Luis Larrañagak galdu ostean. Bitartean, Jose Joaquin Larrañagak eta Juan Carlos Valorrek garaipena lortu zuten. Horri esker taldeak bosgarren postua egin zuen, 9,5 puntu eskuratuta. Datorren astean Elgoibarren jokatuko du talde horrek Createch Medicalen kontra (zazpigarren postuan dago, 9 punturekin). Aukerak dituzte xakelari azkoitiarrek jaitsierako postuak saihesteko, baina oraindik asko dago jokoan.

Bestalde, Hirugarren Mailako Azkoitiko taldeari dagokionez. Ion Kuende, Izaro Arriola eta Xuban Garatek 3,5-0,5 garaipenak lortu zituzten eta Juan Cruz Fernandezek tablak egitea lortu zuen. Era horretan, Goierri Xakerekin 16 puntutan berdinduta, mailako liderra da Anaitasuna-Kakute xake klubaren taldea. Hirugarren Mailan aurreneko postuan gelditzen denak zuzenean Bigarren Mailara igotzea lortuko du.

Igandean, eskolarteko xake txapelketa

Datorren igandean, eskualdeko eskolarteko Gipuzkoako xake txapelketa jokatuko da, 10:00etan hasita, Azkoitiko Kultur Etxean.  Hiru mailatan ariko dira xakelariak: infantilak (2011-2012 urteetan jaiotakoak), kimuak (2013-2014) eta benjaminak (2015-2016). Azkoitiko xake klubak ahalegin berezia egingo du parte hartzen duten xakelari gazteek ongi pasatu dezaten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide