Hirugarren Mailako zonakako lehiak, Azpeitian

Anaitasuna Kakute taldeko ordezkaria, atzo, Azpeitian.

Azpeitian aritu ziren atzo Anaitasuna Kakute xake taldeko Hirugarren Mailako jokalariak. Hainbat partida jokatu zituzten atzo. Azaroaren 9ra bitartean larunbatero elkartuko dira han, xake txapelketa jokatzeko. Datorren igandean, berriz, Emakumeen IV. Anaitasuna Kakute Xake Txapelketa jokatuko dute.

Atzo, larunbata, Gipuzkoako Xake Txapelketaren Hirugarren Mailako lehen jardunaldia jokatu zuten. Banakako lehia izan zen Azpeitian, Gipuzkoako Xake Federazioak eta Azpeitiko Xaputarrak xake taldeak antolatuta. Guztira, hamar xake jokalarik parte hartuko dute txapelketan, eta horietatik bost Azkoitiko Anaitasuna taldekoak dira. 

Lehen jardunaldian, atzo, lehen ezustekoak izan ziren; Izaro Arriolak Xuban Garate (rankingeko aurrena) menderatu zuen Anaitasuna-Kakute taldeko kideen arteko derbian. Bestalde, Juan Cruz Fernandezek Alaitz Hidalgo garaitu zuen, eta Ane Arriolak Andoni Harys Palawori irabazi zion. Sailkapenaren buruan daude orain A. Elustondo, J.C. Fernandez, A. Arriola, I. Arriola eta A. Monasterio puntu batekin .

Datorren larunbatean, berriz, honako partida hauek jokatuko dituzte: Arriola-A. Elustondo, J.C. Fernandez-I. Arriola, A. Monasterio-A. Hidalgo, X. Garate-A. Palawo eta A. Franco-J. Fernandez Salas. Lehiak gogortzen hasiko dira pixkanaka-pixkanaka, eta posible da partidak lau edo sei ordu artekoak izatea. Azaroaren 9ra bitartean, partida guztiak 16:00etan jokatuko dituzte Azpeitiko Enparan kaleko 6 zenbakiko laugarren solairuan. 

Bestalde, datorren igandean, hilak 20, Emakumeen IV. Anaitasuna Kakute Xake Txapelketa jokatuko dute Azkoitiko Kultur Etxean, liga sisteman eta blitz erara (hiru minutu eta bi segundo jokaldiko).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide