Espainiako Selekzio Autonomikoen Txapelketa jokatu dute ostegunetik gaur arte Roquetas de Marren (Almeria, Espainia), eta Lucia Valor Anaitasuna Kakute xake taldeko jokalari azkoitiarrak euskal selekzioarekin parte hartu du. Emaitza oso ona lortu du, gainera, azkoitiarrak; jokatu dituen lau partidetatik hiru irabazi ditu Valorrek. Hori horrela, 50 puntuko igoera handia izango du Fide nazioarteko rankingean.
Gonzalez kanariarrari, Arraiza nafarrari eta Alvano murtziarrari irabazi zien Valorrek, eta galdu egin zuen Gaztela eta Leongo Garuzen aurka. Guztiek Anaitasuna Kakute taldeko kideak baino puntu gehiago zituzten rankingean, eta horregatik, Valorrek lortutako emaitzari balio handia eman behar zaio. Bere partidak onak izan dira, xake taularen aurrean lerro garrantzitsuak ikusiz eta beldurrik gabe aritu baita. Hori horrela, euskal selekzioko Markel Vesga hautatzaileak —Euskadiko blitz txapelduna da eta 20 urtez azpiko Sustapena 2024 probako garailea— beste lehia baterako deitu du azkoitiarra; nekatuta eta partida luzeak zein gogorrak jokatuta egon arren, deitu egin du Vesgak Valor.
Anaitasuna Kakute xake taldeko zuzendaritzak adierazi du, "lortu duen emaitza bikaina" dela; izan ere, euskal selekzioarentzat puntu gehien lortu dituena jokalaria izan da Valor. Dena dela, haren "gaitasuna" eta partida bakoitzean "guztia ematea" nabarmendu ditu zuzendaritzak. "Almerian egindako lanak konfiantza eta ziurtasuna emango dizkio Valorri hurrengo partidetarako".
Espainiako Selekzio Autonomikoen Txapelketan lortutako emaitzek, iaz eskuratutakoaren beste aurpegia erakusten dute. Iaz, bere desio bakarra zen lehia batean gutxienez puntuak eskuratzea, txapelketa esku hutsik ez amaitzea. Dena den, orduko emaitzek "morala jaitsiarazi" zioten azkoitiarrari. Aurten, ordea, bestelakoa izan da emaitza. "Bere aita Juan Carlosek, Anibal Fernandez entrenatzaileak eta klubeko beste begiraleek egindako lan onak emaitzak eman ditu. Oso pozik gaude", azaldu dute.
Azkoitia Hiria, datorren astean
Hurrengo igandean, ekainak 30, 42. Azkoitia Hiria xake txapelketa jokatuko dute Kontzejupean, 10:00etan hasita. Hiru jokalariz osatutako hemeretzi taldek parte hartuko dute aurtengo lehian. Urtero bezala, gainera, omenaldi txiki bat egingo zaio Joxe Azkue taldekide zenari haren hamabigarren memorialean. Anaitasuna Kakute xake taldeak sei talderekin parte hartuko du, eta horietatik bi emakumeek osatutakoa izango da.