Euskadiko xake txapelketak jokatu dituzte egunotan Eibarko (Gipuzkoa) Unibertsitate Eskolan, eta Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldeko sei lagunek lehian parte hartzeko aukera izan zuten; kategoria desberdinetan aritu ziren horiek guztiak. Maila handiko aurkariekin egin zuten topo Azkoitiko klubeko ordezkariek, baina, hala eta guztiz ere, interes eta kontzentrazio handiarekin jokatu zituzten partida guztiak.
Gazteen mailan, Xuban Garatek hiru puntu bildu zituen seitik, eta Izaro Arriolak bi; kadeteetan, Lucia Valorrek 2,5 puntu batu zituen; etorkizun handiko xakelarien mailan, Ane Arriolak hiru puntu eskuratu zituen, Mikel Arriolak bi, eta, aldiz, esku hutsik amaitu zuen lehia Ixone Juradok. Sei xake jokalariek asko ikasi dute azken egunetan, eta inguruko xakelariekin jokatu izanaz gozatu dute. Halaber, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zer nolako maila dagoen ikusi ahal izan dute guztiek.
Txeluk, ohorezko sakea
Bestalde, Jose Luis Fernandez Txelu Anaitasuna Kakute xake taldeko presidenteak ohorezko sakea egin zuen nagusien mailako Euskadiko Txapelketan. Legazpin (Gipuzkoa) jokatu zuten txapelketaren laugarren txanda, eta han egin zuen ohorezko mugimendua azkoitiarrak. Legazpiko Santikutz xake taldearen 40. urteurrena eta Azkoitiko xake klubak haiekin duen harreman ona azpimarratu zituen presidenteak. Txapelketa antolatzeko egindako lana eta xake jokalarien maila ere nabarmendu zituen hark.
Gainera, Anaitasuna Kakute xake taldeak jakinarazi du Fernandezek egunotan berrituko duela Azkoitiko klubean duen presidente kargua.