Preferente Mailako xake jokalariak, merezitako atsedenean

Preferente Mailako partidak, atzo. (Anaitasuna Kakute)

Anaitasuna Kakuteko Preferente Mailako taldea Euskal Ligarako igoera fasetik kanpo geratu da, baina, mailari eustea lortu du. Ondorioz, jokalariek atseden hartuko dute eta Hirugarren Mailako jokalariek jokatuko dituzte maila nagusiko hurrengo partidak, ikasteko aukera izan dezaten.

Anaitasuna Kakuteko Preferente Mailako xake taldea Euskal Ligara igotzeko aukerarik gabe gelditu da, Salto Bidasoa taldearen aurka 3 eta 1 galdu ostean. Hala ere, igotzeko aukerak baztertu dituen arren, mailari eustea lortu du. Hori ikusita, jokalari nagusiek atseden hartzea erabaki dute eta bitartean Hirugarren Mailako taldekideek jokatuko dituzte maila nagusiko partidetako batzuk, horietako batzuk pixkanaka Preferente Mailara igotzen ari direla kontuan izanda. Zuzendaritzaren arabera, "egoera horren zain aspalditik geunden, baina inoiz ez zen iristen. Orain, behin mailari eutsita eta Euskal Ligarako igoera baztertuta, gazteenei talde nagusian jokatzeko aukera eskaintzeko une egokia dela iruditu zaigu, haiek ere ikas dezaten". Datorren larunbatean Errenteriara (Gipuzkoa) joango dira Luzaro-Orereta taldearen aurka jokatzera.

Hirugarren Mailan, berriz, binako berdinketa lortu zuten Salto Bidasoa taldearen aurka, Denis Valorren eta Xuban Garateren garaipenekin eta Alaitz Hidalgoren eta Erin Goenagaren porrotekin. Taldeak zortzigarren postuari eusten dio 13,5 punturekin. Datorren asteburuan Errenteriara joango dira taldekideak, Beraun Beraren aurka jokatzera. Ondoren, geldialdia izango du txapelketak apirilaren 13ra arte, Aste Santuaz gainera, tartean Donostiako Irekia eta Euskadiko txapelketak ere jokatuko dituztelako.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide