Atzo, larunbata, 45 urte bete ziren Anaitasuna-Kakute xake taldea sortu zenetik, eta urteurrenak etxetik kanpo harrapatu zituen ligan parte hartzen ari diren Anaitasunaren bi taldeak. Zuzendaritzak azaldu du ezin izan dutela urtemuga "nahi bezala" ospatu, baina jakinarazi du ekintzaz betetako urtea dagoela aurretik, eta gozatzeko "hilabete asko" geratzen direla oraindik."45 urtera iristeak lan eta dedikazio handia eskatzen du. Gure taldearen asmoa da xakea zein elkartea aurrera ateratzea, eta horretarako batasuna du oinarri. "Gure helburu nagusia da kumaldi berria aurrera ateratzea, haiek izango direlako klubaren etorkizuna".
Ligari dagokionez, preferente mailako taldeak Arrasate-Arlutz taldea 1,5-2,5 menperatu zuen, Larrañaga anaiek, Jose Luisek eta Jose Joaquinek partidak irabazi eta Juan Carlos Valorrek berdindu eta gero; Anibal Fernandezek, berriz, galdu egin zuen. Taldea postuak berreskuratzen ari da, baina asko hobeto beharko du jaitsierako play off-ak saihesteko. Hurrengo jardunaldia otsailaren 17an izango da (datorren astean atsedenaldia izango da, inauteriengatik), eta Anaitasuna Legazpiko Santikutz taldearen aurka lehiatuko da, 16:00etan, Kultur Etxean. Anaitasunak aurkari zuzena du Legazpikoa, eta beraz, giro ona nagusituko da, eta jokalariek guztia emango dute partidetan, maila jaitsierari izkin egiteko.
Hirugarren mailan, berriz, Lasarteko Taula taldearen aurka 3,5-0,5 galdu zuen Azkoitiko taldeak: Xuban Garatek berdindu egin zuen, eta Alberto Garciak eta Usoa eta Ixone Juradok galdu egin zuten. Hirugarren mailako jokalari berriak lasaitzen ari dira, eta pixkanaka helduko diote jokuaren erritmoari. Sailkapeneko zortzigarren postuan da taldea, eta bosgarren jardunaldia otsailaren 17an jokatuko dute horiek ere, Leitzako Agustin liderraren aurka.