Emaitza onik ez baina giro ederra, xakeko Gipuzkoako Ligaren hirugarren jardunaldian

Preferenteko taldeak 1-3 eta Hirugarren Mailakoak 0-4 galdu zuten atzo, Kultur Etxean. Jokalari gazteei lehiatzeko aukerak ematen ari da Anaitasuna Kakute aurten.

Xakeko taldekako Gipuzkoako Ligaren hirugarren jardunaldian etxean lehiatu dira Anaitasuna Kakute klubaren taldeak. Emaitza onak lortzerik ez dute izan Azkoitiko xakelariek, baina Kultur Etxeko hirugarren solairuan giro ederra sortu zen atzo, lehiatu ziren hemezortzi jokalariez gain bazkide, laguntzaile eta lagun ugari elkartu baitzen.

Preferente Mailan, 1-3 galdu zuten Anaitasuna Kakutekoek Zarautzen kontrako norgehiagoka. Ion Kuendek eta Imanol Larrañagak galdu egin zuten, eta Hector Sanchezek eta Jose Luis Larrañagak lortutako berdinketek eman zioten puntu bakarra Azkoitiko taldeari; bai Sanchezek, bai Larrañagak denbora luzea zeramaten lehiaketetatik kanpo, eta antzeman egin zen hori. Bi punturekin, Anaitasuna Kakuteren taldea sailkapenaren azken postuan dago uneotan Preferente Mailan, baina borrokan jarraitzeko eta jokalari berriak bultzatzeko asmo osoarekin jarraituko dute lanean. Datorren asteburuan Arrasaten jokatuko dute, sailkapenean aurretik duten taldearen kontra

Porrot are argiagoa jasan zuen Azkoitiko taldeak Hirugarren Mailan, 0-4 galdu baitzuen Andoaingo Agustin de Leiza C taldearen aurrean. Alberto Garciak, Uso Juradok, Ixone Juradok eta Jakes del Riok ordezkatu zuten Anaitasuna Kakute atzokoan, eta laurek zuten lehen aldia Gipuzkoako Ligan. Sailkapenean bosgarren tokian dago Azkoitiko taldea, sei punturekin, eta datorren asteburuan azken postuan dagoen Lasarteko Taularen kontra neurtuko ditu indarrak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide