Anaitasuna Kakute xake taldeak Preferente Mailarako jaitsierako play-off partidak jokatu zituen atzo, zapatua, Kultur Etxean. Hain zuzen, fase horren bigarren jardunaldiko lehia jokatu zuten Luzaro 'B' taldearen aurka. Azkoitiarrek 3 eta 1 irabazi zuten, garaipen garrantzitsua inolaz ere.
Jose Joaquin Larrañagak goizo berdindu zuen bere partida, eta handik gutxira, Ion Kuendek xake-matea egin zion aurkariari, taldearentzat puntuak bilduz. Lehia espero baino erosoagoa izan zen Anaitasuna Kakute taldeko kideentzat. Anibal Fernandezek ere garaipena lortu zuen gerora, puntuak biltzeko jokaldia ezin hobeto prestatu eta gero. Imanol Larrañagak, berriz, berdindu egin zuen bere lehia.
Jaitsierako play-off sailkapeneko burua da orain Anaitasuna Kakute taldea, 13 punturekin. Hori horrela, itxura guztien arabera klubak ez du arazorik izango mailari eusteko. Dena den, lehen sailkatuaren eta seigarrenaren artean hiru puntuko aldea besterik ez dago, eta seigarren, zazpigarren eta zortzigarren sailkatuek galduko dute maila. Beraz, tentuz aritu beharko du taldeak txapelketaren amaierara arte.
Datorren asteburuan, Anaitasuna Kakute taldea etxean arituko da berriz ere. Beraun Bera 'A' taldea izango dute arerio azkoitiarrek. Aurkari hori, hain justu, sailkapeneko bigarrena da, Anaitasuna Kakute taldetik puntu erdira. Lehia gogorra izango du taldeak, eta jokalariek duten guztia eman beharko dute datorren sasoian Gipuzkoako xake maila gorenean jarraitu nahi badute.