Anaitasuna Kakute xake taldeko kideek Elgoibarko Zubi Ondo xakeak antolatutako Elgoibarko Openean (Gipuzkoa) parte hartu zuten joan den larunbatean. Guztira, 50 xakelari lehiatu ziren han —horien artean tituludun bat baino gehiago—, eta David Astasiok eta Carlos Varasek irabazi zuten lehia, 9,5 puntutan berdinduta. Anaitasuna Kakuteko Juan Carlos Valorrek hemeretzigarren postuan amaitu zuen txapelketa, 6 punturekin; Jose Joaquin Larrañaga, berriz, hogeita bigarrena izan zen sailkapenean, 5,5 punturekin.
Igandean, bestalde, Emakumeen II. Xake Txapelketa jokatu zen Elgoibarren, eta Anaitasuna Kakuteko zazpi jokalarik parte hartu zuten han. Miriam Parkhurst mexikarrak irabazi zuen lehia —Fide maisua da bera—. Bigarren postuan sailkatu zen Judith Goenaga azkoitiarra, 4 punturekin. Lucia Valorrek, Erin Goenagak eta Maria Okudak, aldiz, hiruna puntu batu zituzten txapelketan, eta bi puntu, ostera, Ixone zein Uxoa Juradok eta Alaitz Hidalgok. Goiz ederra igaro zuten klubeko emakumeek Elgoibarren, eta modu horretan, taldearen emakumeen arloa sendotzeko urrats nabarmena egin zuten.
Hitzordu gehiago
Urte zaharra xakean amaituko dute klubeko xakelariek, eta modu berean ekingo diote urte berriari. Abenduaren 26an, astelehenez, XXXVIII. Kattu Xake Memoriala egingo du xake taldeak Kultur Etxean duen egoitzan, 16:00etan. 2020an online jokatu zen txapelketa; iaz, berriz, aurrez aurre, baina hainbat osasun neurrik baldintzatuta. Aurten, txapelketa ohiko moduan jokatuko dute, eta xakelariek aurkituko duten eragozpen bakarra aurkariek jarritakoa izango da. Suitzar erako txapelketa izango da, eta bost minutuko partidak jokatuko dituzte.
Bestalde, urtarrilaren 2an XXXII. Gabonetako Jaialdia antolatuko du xake klubeko zuzendaritzak eskolarteko gaztetxoentzat; Kultur Etxean jokatuko da txapelketa. Era berean, Preferente Mailan lehiatuko den taldea prest da taldekako GFA Ligari eta Gipuzkoako eskolarteko txapelketa zonalaren prestaketari ekiteko.
Lucia Valor, xakelari onena
Xake taldeko kide guztiek hala erabakita, Lucia Valor izango da urteko kirolari onenaren saria lortzeko xakeko hautagaia. Sari banaketa ekitaldia datorren ostiralean, hilak 23, egingo dute Azkoitiko udaletxearen bilkura areto nagusian, 19:30ean hasita. Valorrek denboraldi oso ona ondu du, emaitza onak lortuz, besteak beste, Iruñean, Elgoibarren eta Azkoitiko sanandresetako txapelketan.