Atzo, igandea, Legazpiko (Gipuzkoa) txapelketan izan ziren Anaitasuna-Kakute xake taldeko kideak. Markel Vesga legazpiarrak irabazi zuen txapelketa, 8,5 puntu eskuratuta. Daniel Pousada sailkatu zen bigarren 7,5 punturekin, eta Anaitasuna-Kakuteko Jose Joakin Larrañaga azkoitiarra nahiz Unai Elias hirugarren 6,5 punturekin. Anaitasuna-Kakuteko Anibal Fernandez bosgarrena izan zen 6 punturekin, eta Manuel Paredes zazpigarrena, 5,5 punturekin. Gainera, Fide rankingean 2.114 postua lortu du Vesgak eta Torreviejan (Espainia) txapelketa ona egin berri du.
Hilaren 7an Legazpin aldibereko partidak jokatuko dituzte, eta Eduardo Iturrizaga egungo Espainiako txapelduna izango dute aurkari. Anaitasuna-Kakute taldeko Fernandez eta Goenaga gonbidatu dituzte partida horietara.
Datozen hilabeteetan egutegia bete-betea du Azkoitiko xake taldeak; izan ere, hilaren 8an, 16:00etan, Beteranoen II. Anaitasuna txapelketa jokatuko dute. Maiatzaren 15ean, berriz, X. Anai Xake Eskola jokatuko dute, Azkoitia GXF Sustapena txapelketarako baliagarria, eta, ekainaren 26an, 40. Azkoitia Hiria txapelketa.