Anaitasuna-Kakute xake taldea martxan da berriz ere

Anaitasuna-Kakute xake taldeak datorren astean ekingo die bere jarduerei beharrezko neurri guztiak hartuta.

Anaitasuna Kakute xake taldea datorren astean itzuliko da bere ohiko jarduerara. Hasteko, xake ikastaroari berrekingo diete; aurten Manuel Paredesek, lehentasunezko mailako eta ezagutza handiko jokalariak zuzenduko du ikastaroa. Ikastaroaren lehen fasea Anai Xake Eskolako kideentzat izango da, eta udaren ondoren osatuko dute bigarren fasea. Ikastaro horiek prestatzeko ere balioko dute; izan ere, laster hasiko dira Gipuzkoako eskolarteko online partidak.

Bestalde, maiatzaren 22an, Anaitasuna-Kakuteko talde batek Gipuzkoako Xake Federazioko I. Suitzar Txapelketan parte hartuko du; urtarrilean jokatu behar zen liga txapelketaren ordez jokatuko dute txapelketa. Ekitaldi horretarako, gainra, protokolo bat ezarri du Federazioak.

Bestalde, XXXIX. Azkoitia Hiria-Joxe Azkueren Oroimenezko X. Txapelketa antolatzen ari da dagoeneko klubeko zuzendaritza batzordea. Ekainaren 27an jokatuko da Kontzejupe pilotalekuan, eta iaz lortutako titulua defendatu beharko du gure klubak.

Era berean, promozio-txapelketa, haurrentzako Azkoitia Hiria, emakumezkoen txapelketa eta beteranoen txapelketa antolatzeko lanean ari da Anaitasuna Kakute xake taldea. Gure jokalariak, berriz, taldekako partida azkarretan eta Zumaian jokatuko den Pepe Cuenca Granadako Maisu Handiaren aldibereko partidetan parte hartuko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide