Atzo, igandea, XXXVI. Kattu Xake Memoriala jokatu zuten hainbat xakelarik online, Lichess.org plataformaren bitartez. Legazpiko Santikutz taldeko Markel Vesgak irabazi zuen txapelketa, bost partidetan 4,5 puntu eskuratuta. Bere atzetik sailkatu ziren Juan Carlos Valor eta Jose Joaquin Larrañaga azkoitiarrak, biak 3,5 puntu batuta. Txapelketa entretenigarria izan zen eta emozioak ez zuen hutsik egin beste behin.
Bestalde, larunbatean, Anaitasuna Kakute xake taldeak Gaztedi Txapelketa Kutxa Fundazioko finalera sailkatzea lortu zuen. Parte hartzaile bat gutxiagorekin aritu behar izan zuen taldeak, baina hirugarren sailkatu zen jardunaldian, eta sailkapen orokorreko bigarren postuari eusteko moduan izan zen taldea.
Modu horretan 2021eko martxoaren 31n jokatuko den finalerdirako postu hobea lortu du taldeak. Hondarribia-Marlaxka taldearen aurka aritu beharko dute gaztetxoek; hirugarren sailkatua izan da sailkapen orokorrean. Neurri murriztailerik ezean, aurrez aurre jokatuko dute txapelketako azken fasea, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Finalera sailkatu izanagatik harro egoteko moduan da Anaitasuna Kakute xake taldea. Hala eta guztiz ere, pena da egoera honetan txapelketa online jokatu behar izatea.