Zazpigarren jardunaldi harrigarria

Gipuzkoako Kutxa Ligako zazpigarren jardunaldiak ezustekoa eman du emaitzei eta horien ondorioz geratu den sailkapenari dagokienez. Horrek erakusten du inoiz ezin dela erne egoteari utzi eta ez dagoela arerio ahulik.

Anaitasuna Kakute Errenteriara joan da asteburuan, Fomentoren aurka lehiatzera, eta Azkoitiko taldeak ezin izan du Errenteriakoa mendean hartu. Hectorrek eta Anibalek berdindu egin dituzte partidak, eta Ruizek eta Larrañagak galdu egin dituzte norgehiagokak. Ondorioz, Anaitasuna xake taldea sailkapenaren zortzigarren postuan da, hamabi punturekin.

Hurrengo aurkaria igoera postuetan dagoen Beasaingo Alfil taldea izango du Anaitasunak. Hain zuzen ere, aurreko jardunaldia harrigarria izan zen sailkapenaren azken postuan dagoen Gros C taldeak Alfil liderrari irabazi ziolako, non eta bere etxean. Baiona ere Hondarribiaren aurka gailendu zen, baita Idiazabal eta Ciriondo A taldeak ere. Asteburuko emaitzek sailkapena zapi txiki bat bilakatu dute; izan ere, laugarren postuan dagoen taldearen eta azkenengo postuan dagoenaren artean 4,5 puntuko aldea dago. Mailaz igotzeko borrokan diren aurreneko hiru taldeek, berriz, 1,5 punture aldea dute beraien artean, eta lau jardunaldi falta dira liga amaitzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide