Judith Goenaga, 2019ko xakelari onena

Judith Goenaga.

Judith Goenaga Uranga hautatu dute Anaitasuna Xake Taldeko bazkideek 2019ko Kirol Sarietarako.

Judith Goenaga Uranga izango da Anaitasuna Kakute xake taldeko kideen 2019ko Azkoitiko Kirol Sarietarako hautagaia. 2019ko xakelari onena izendatu dute taldeko bazkideek. Urte polita egin du Goenagak, eta azpimarratzekoa izan da Mendaron jokatutako aldibereko saioa. Adin, sexu eta maila desberdinetako hogei jokalariren aurka hogei partida jokatu zituen.

Ez da modalitate erraza. Jokalariak xakeko taulaz taula joan behar du pieza zuriekin aurkariek prestatutako jokaldi desberdinei erantzutera. Aurrera egin ahala, gainera, zailtasuna handiagoa izan ohi da. Tentsioak, nekeak eta uneoro jokaldi onena aukeratu behar izateak egiten du zaila modalitatea. Lau ordu baino gehiagoz aritu ondoren, Goenagak hamazazpi partida irabazi zituen eta hiru galdu. Azpimarratzekoa da, gainera, Goenagak klubarekin eta gainerako bazkideekin duen kolaborazioa. 

Elgoibarren, igandean

Atzo, igandea, Elgoibarko Oper Danobat txapelketa jokatu zuten. Koldo Urbietak irabazi zuen txapelketa. Erik Juez xakelariarekin batera 7,5 puntu batu zituen Urbietak, baina berdinketa hautsita Urbieta izan zen onena. Hirugarren postuan, berriz, Joel Rodriguez gelditu zen, Markel Kerexeta eta Jose Joakin Larrañaga Anaitasuna Kakuteko kidearekin berdinduta. Manuel Paredes eta Xabi Ruiz kideak ere Elgoibarren izen ziren atzo eta maila ona erakutsi zuten. 

XXXV. Kattu Xake Memoriala

Datorren igandean, abenduak 22, XXXV. Kattu Xake Memoriala jokatuko dute Kultxur Etxean. 10:00etan hasiko da txapelketa, eta bost minutuko zazpi erronda jokatuko dituzte. Sanchezek, Larrañagak eta Valorrek —iazko irabazleak— 2018an egindako lana gainditzea izango dute helburua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide