Anaitasuna Kakute laugarren, IX. Azpeitia Hiria Sarian

Ordezkari azkoitiarrak, Azpeitian.

Lau jokalariz osatutako hamabi taldek parte hartu zuten joan den zapatuan Azpeitian jokatutako IX. Azpeitia Hiria Xake Sarian. Anaitasuna Kakute xake talde azkoitiarraren ordezkariek laugarren amaitu zuten txapelketa.

Abadiñok irabazi zuen lehia 37,5 puntu batuta, eta segidan sailkatu ziren Barakaldo (34 puntu) eta Easo (32,5 puntu). Lehen hiru sailkatuen ondoren, Anaitasuna Kakute izan zen hurrengoa —laugarren—, 30,5 punturekin. Hector Sanchezek, Juan Carlos Valorrek, Ion Cuendek, Anibal Fernandezek eta Manuel Paredesek osatu zuten azkoitiarren taldea. Guzti horien artean Paredes nabarmendu zen gehien, jokatutako hamaika partidetatik hamar irabazita.

Gutxi lortu izanaren sentsazioarekin amaitu zuten lehia Anaitasuna Kakute taldeko xakelariek, eta Easoren aurkako huts eta lauko porrota gogorra izan zen; ondorioz, podiumetik kanpo gelditu ziren azkoitiarrak. Gainerakoan, Ikasturtea ondo hasi dute Anaitasuna Kakute bi taldeek. Hector Sanchezek zuzentzen duen lehen mailako taldean, sei gaztetxo eta heldu bat ari dira lehiatzen. Carlos Sanchezek gidatutako bigarren mailako taldean, berriz, iazko lau xakelariek jarraitzen dute, guztiak giro bikainean.

Taldera batzeko aukera

Xake taldeak gogorarazi du, taldera batu nahi duten guztiek irekita dituztela klubeko ateak. Astelehenetan eta asteazkenetan 17:00etatik 18:00etara egiten dituzte saioak, doan. Klubaren egoitza, berriz, ostegunetan irekiko dute, 17:30etik 19:00etara, xake partidak jokatu nahi dituzten bazkideentzat eta zaleentzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide