Amaitu da liga txapelketa xakelarientzat

Sasoi ezin hobean amaitu dute Anaitasuna Kakute taldeko kideek Gipuzkoako Liga Kutxa txapelketa. Azkoitiarrek joan den astean jokatutako hamargarren jardunaldian lortu zuten txapelketa irabaztea, eta asteburuan Arrasate C taldearen aurka aritu ziren; 2,5-1,5 galdu zuten azkoitiarrek. 

Lanak eginda, Hector eta Carlos Sanchez anaiek atsedena hartu zuten, eta ondorioz hirugarren mailako jokalari batek parte hartu zuen lehen taldearekin. Anibal Fernandezek, Jose Joaquin Larrañagak eta Imanol Larrañagak berdindu egin zituzten euren neurketak, baina Ion Kuendek galdu egin zuen berea. Anaitasuna Kakute Xake Taldeak 30,5 punturekin amaitu du txapelketa, sailkapenean atzetik zituen Idiazabali, Baionari eta Fortunari hiru puntu aterata. Idiazabalek eta Baionak lortu dute Anaitasunarekin batera mailaz igotzea.

Giro ezin hobea izan den liga agurtu dute Anaitasuna Kakute taldeko xakelariek. Emaitza onak ekarri ditu taldera jokalariengan eta talde aukeretan kapitainek izan duten konfiantzak. Jokalari gazteei aukera emateko uneak ere izan dira, gainera. Hori guztia, klubaren 40. urteurrenean. Liga amaitu da, baina Anaitasuna Kakute taldeko kideek aurrera jarraituko dute. Jokalariek hainbat txapelketetan parte hartuko dute, eta Zuzendaritzak datozen ekintzak laster jakinaraziko ditu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide