Europako industria eredua krisian da, eta krisi hori langile klaseak ordaintzen du. Gurean etengabe ari gara entzun eta jasaten eskualdeko enpresa ezberdinetan ematen ari diren enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak, EREak, kaleratzeak, antolakuntzaren aldeko apustua egiten duten langileentzako zigor eta kaleratzeak… Horrela, Azkoitiko Sidenor lantegian bizi den egoera ere testuinguru horretan ulertu behar dugu.
Krisi garaian kapitalistek euren irabaziak mantendu nahian, langileon lan eta bizi baldintzak erasotzen dituzte. Sidenorren, esaterako, soldatak ia 2014tik izoztuta daude, lan baldintzak okertu eta ziurgabetasuna eguneroko ogi bilakatu dira. Esanguratsua da: azken urteetan Sidenorrek milioika euro irabazi dituen eta Sidenor enpresaren jabea Espainiako ehun pertsona aberatsenen artean dagoen arren, nola Azkoitiko plantan inbertsio falta, azpikontratazioaren hazkundea eta enplegu suntsiketa besterik ez diren izan 2018tik gaur egunera bitartean, 200 lanpostu galtzera arte. Orain, momentuz, gutxienez 36 langile Kantabriako plantara bidaltzeko asmoa dutela dirudi.
Bide horretan, instituzio publikoak europar oligarkiaren nahietara mugatzen dira. Batetik, botere kuotak egun ez direlako instituzio publikoetan biltzen, europar oligarkian baizik. Eta bestetik, borrokarako grin oro zapuzten dituztelako promesa eta desira faltsuen bitartez. Horren adibide dira azken urteetako lan erreformak, proposamen errealetik baino propagandatik gehiago duten balizko negoziazio mahaiak, diru publikoa jartzen bada kontrolik gabe enpresarien esku pribaetutan jartzea eta abar.
Hori guztia gutxi ez eta, Palestinan israeldarrak gauzatzen ari diren genozidio betean, Sidenorrek Israelekin izandako harreman ekonomikoak ezin ahaztu ditzakegu. Are gehiago, Israeli obusak egiteko altzairua saltzetik haratago, gutxienez herrialde ezberdinetako esparru militarreko beste hogei enpresekin egin ditu negozioak azken urteetan. Horra hor haien irabaziak eta gure miseria.
Horregatik guztiagatik, bihar larunbata, 11:00etan, Azkoitiko Sidenorretik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitzen dugu.
Klase elkartasuna Azkoitiko Sidenorreko langileekin!
Inpunitate osoz euren krisia ordainarazten diguten horiei, egin diezaiegu aurre klase gisa.