200 egun baino gehiago daramatzate Merkal Oinetakoak enpresako Gipuzkoako langileek greban, tartean, Azkoitiko dendariek. Langileen aldarrikapenak sektorean, oro har, ohikoak diren lan baldintza prekarioak salatzera datoz: soldata baxuak, gutxieneko atsedena errespetatzen ez duten ordutegiak, antzinatasuna ez errespetatzea... Are gehiago, bizitzaren etengabeko garestitzearen garaiotan, langileentzat sostengaezina da miseriazko soldata horien bitartez bizirautea.
Sarri, enpresaren partetik "garai txarrak dira" eta "gerrikoa denok estutu behar dugu" bezalakoak entzun oh dira dira langileen aldarrikapenei muzin egiteko. Halere, benetako errealitatetik oso urrun daude horrelako adierazpenak; izan ere, Merkal Oinetakoak gisako enpresa handiek irekita eta martxan jarraitzen badute, irabazi ekonomikoak bermatzen eta handitzen jarraitzen dutelako da. Horren adierazle dira oinetako enpresaren azken urteetako fakturazioak. Esaterako, 2023. urtean, 121.310.000 euro fakturatu zituen, lehenengo postua lortuz sektoreko salmenten rankingean.
Datuek enpresaren oparotasuna frogatzen duten bitartean, enpresariek, euren poltsikoak are gehiago bete nahian, langileen aldarrikapenei entzungor egiten diete. Are gehiago, ahaleginak eta bi egiten ari dira langile borrokalariei oztopoak jartzeko eta isilarazteko. Horren adibide da grebalariek jasan behar izan duten greba eskubidearen urraketa, edota behin eta berriro haien aldarrikapenenei muzin egitea.
Horren aurrean, behar-beharrezkoa da inpunitate osoz jarduten duten enpresari horien aurka egin eta langileon lan baldintzen alde borrokatzea.
Babes eta elkartasun osoa Merkal Oinetakoakeko langile borrokalari guztiei, antolakuntzaz eta borrokaz ez bada, ez delako posible!