Datorren astelehenean, hilak 7, urtebete beteko da palestinar erresistentziaren ofentsiba gertatu zenetik. Ekintza horren aitzakiapean, lehendik ere ohikoak ziren palestinarren aurkako setioa eta errepresioa areagotu egin ditu Israelek. Modu horretan, eguneroko ogi bilakatu dira Gazan bonbardeketak, tortura eta gosea. Gainera, azken asteetan Libanoren aurkako ofentsiba ere abiatu dute israeldarrek; han ere heriotza eta beldurra eragiten eta gerra erregional orokorrago baterako aukerak irekitzen ari dira.
Genozidioaren aurrean, mendebaldeko gobernuek beste aldera begiratzen jarraitzen dute. Argi geratzen ari da gobernu horien zein Europako Batasuna bezalako instituzio supranazionalen zinismoa. Izan ere, demokraziaz diharduten horiek ez dute pauso errealik eman Israel geldiarazteko. Kasurik onenean, bi aldeen arteko paktu baten beharra azpimarratu dute; zentzu horretan, erresistentzia palestinarraren zilegitasuna ukatzen dute. Jarrera horren aurrean, palestinarren defendatzeko eskubidea, eta, esentzian, supremazista eta jazarlea den Israelgo Estatuaren suntsipena aldarrikatu nahi ditugu.
Guzti horri lotuta, dei egiten dizuegu Palestinarekin Elkartasuna plataformak datorren larunbaterako, urriak 5, Bilbon antolatu duen manifestazioan parte hartzera. Era berean, bertara joateko kotxe juntadizoak antolatu ditugu; 10:00etan elkartuko gara Azpeitiko Esklabak Zentro Sozialistan eta Azkoitiko Eroski txikian.
Palestinar erresistentzia babestu! Israel eta bere konplizeei aurre egin!