Urriaren 19an, Esklabak Zentro Sozialistaren VI. urteurrena ospatuko du Kontseilu Sozialistak. Bertan, egun osoko egitaraua antolatu dugu: goizeko umeentzako ikuskizunetik hasi, bazkariarekin, umorezko saioarekin zein kirol ikuskizunarekin jarraitu, eta kontzertuetaraino.
VI. urteurren honen atarian, guretzako Esklabek berebiziko garrantzia daukate; beharrezkoa dugun azpiegitura izateaz gain, mugimendu bezala hazten ere lagundu digun espazioa izan da. Bertara sartu ginenetik sei urte pasatu dira, eta hamarnaka iniziatiba nahiz proiektu atera dira aurrera bertatik: formakuntzak, biltegiak, aholkularitza juridikoak, aisialdi eskaintzak edota orain klase partikularrak.
Hala ere, aipatutakoez gain, gehiago dira aurrera begira dauzkagun asmoak: aurrera ateratzen diren ekimenek gizartea beste era batera antola daitekeenaren islada bezala balio dute, eta sektore zaurgarrienei antolakuntzarako baldintzak eta babesa ematen dizkiete. Zentro Sozialistak, azken finean, proiektu sozialistaren zutabe eta gizarte berri baten errainu dira.
Egunari dagokionez, goizeko ikuskizuna doakoa izango da, eta bazkarirako zein arratsaldeko ikuskizunerako 15 euro ordaindu beharko dira; aldiz, kirol ikuskizuna eta kontzertuak ikusteko, 8 euro. Tiketak Haginpe tabernan nahiz Instagram eta Whatsapp kontuetatik lortu daitezke.
Izan dadila, beraz, urriaren 19a egin duguna oroitzeko eta ospatzeko, eta aurretik dauzkagun erronkei ilusioz begiratzeko eguna.