"San Martin auzoaren goialdean bizi garenok udalaren utzikeria sentitzen dugu bertako hainbat azpiegiturari dagokionez. Tomas Larrazpuru eta Altuna Portu kaleen artean, San Martingo ermitara bidean, hainbat txabola daude, eta horietarako bideetan ikus daiteke hormak zein barandak zer egoeratan dauden.
Iaz, horma baten zatia erori egin zen, eta zati hori konpondu bazen ere, gainontzeko guztiak bere horretan segitzen du, eta egoera tamalgarrian dago. Pitzadurak ageri zaizkio, eta gero eta handiagoak egiten ari dira denborak aurrera egin ahala. Horma horren azpian, berriz, aldapatxo bat dago, eta hura babesteko egon beharko lukeen baranda zatiak ere itxura penagarria du. Izan ere, kili-kolo egoteaz gain, izugarrizko tartea dago barandaren eta bidearen artean, pertsona bat oso-osorik kabitzeko adinakoa. Izan ere, egoera tamalgarria izateaz gain, arriskutsua ere bada, inguru horietan ume asko ibiltzen direlako jolasean; bidearen eta barandaren arteko zulotik erortzen badira, ia bi metro arteko altueratik eror daitezke.
Jakinarazi izan dugu Udaltzaingoan, baina udalak ez du ezer egin arazoa konpontzeko. Bien bitartean, egunen batean zerbait gerta daitekeen arriskua, eta beraz, bizilagunen beldurra, benetakoa da".
