«Istorio bat daukat kontatzeko, 2019ko apirilaren 27, zapatua, gertatu zen. Azkonar koitadu bat, bere eguneroko lanetan zebilen, janari bila ziur asko, eta tranpa batean erori zen Loiola bailarako zelai ertz batean. Gizaki maltzur batek jarritakoa zen, egunak pasa zituen harrapatuta.
Behien jokaerak harrituta ninduen, beti bertara begira baitzeuden, azkonarra harrapatuta zegoen tokira. Inguruko baserri bateko kide batek bertara hurbiltzea pentsatu zuen, zer gertatzen zen ikustera. Han aurkitu zuen azkonar gaixoa hilzorian, tranpan harrapatuta. Baserritarrak laguntza eskatu zion auzoko beste kide bati, eta bien artean, kostata izan bazen ere, azkenean askatzea lortu zuten. Zaurituta zegoen, zeharo ahulduta. Zaindariei eta Ertzainei berriaren berri eman eta gero, Igeldoko Arrano Etxera eramatea erabaki zuten bertan sendatzeko.
Azkonarrak gorputzean iltzatuta zituen azken alanbreak kendu, indarberritu eta guztiz sendatuta, hurrengo egunean, bere bizileku naturalera itzuli zuten. Ziur asko gizaki maltzurrak, bere oilasko, untxi, edo bestelako animaliaren bat faltan botako zuen, eta tranpa bat jartzea erabakiko zuen. Guztiz debekatua dagoen tranpa bat, edozer animalia, pizti edo gizakia bera ere harrapatuko lukeen tranpa.
Gure azkonarra ez da harrapakina. Bere elikagaiak dira zizareak, intsektu txikiak, fruituak, artoa, garia eta arrautza ustelak. Gainera, animalia babestua da, desagertzear dagoen espezie bat. Sendatu ondoren, apirillaren 30ean askatasunaren bidea hartu zuen, jaio zen eta ezagutu zuen toki berean.
Zorterik onena opa diogu gure azkonarrari, berriro tranpan eror ez dadin, gizakiontzat izan dadila eredu. Ikasi dezagun zer ez den egin behar. Azkonarrak gizakiarekin izandako harremanetan, bi gizaki mota ezagutu ditu: gizaki maltzurra eta gizaki zintzoa. Espero dugu gizaki zintzoarekin geldituko dela, konturatuz gizaki eta mundu hobeago bat egingo dutenak badaudela. Behin irakurri nuen liburu batean, «mundua biziko da gizakirik gabe, baina gizakia ez da biziko mundurik gabe». Gure azkonarra munduaren partaide da beste piztia eta animaliekin batera. Gure errespetua zor diogu, ezagutu dezagun hobeto bere bizitza nolakoa den, non bizi diren, zer jaten duten... Hori da bidea gure animaliak zaintzeko eta errespetatzeko. Berriro gerta ez dadin, izan dezagun ikasgai moduan. Gora gure azkonarra!»