Eskualdatzea Merkataritza Sektorean

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2018ko urr. 18a, 12:20

Urola Erdiko merkataritza mahaiak, eskualdeko merkatariei bideratuta, erretiroa eta eskualdaketa gaiaren inguruan bi jardunaldi informatibo antolatu ditu azken asteetan.

 

Jardunaldi zikloa 2 saio ezberdinetan egituratu da eta lehenbizikoa irailaren 27an ospatu zen Azpeitiko Sindikatu Zaharrean. Lehen saioak, merkatarien erretiroa izan zuen hizpide eta bertan, erretiroa egoki kudeatzearen garrantzia aurkezteaz gain, kontutan hartu beharreko aldagai eta xehetasunak azaldu ziren. Ekitaldian zehar, eskualdeko merkatari ezberdinek izan ditzaketen zalantza eta kezka ezberdinei erantzuna ematen saiatu zen Eunate Llona PKF Attest aholkularitza enpresako hizlaria. Oro har, Azkoitia, Azpeitia nahiz Zestoako 30 merkatari inguru bertaratu ziren.

Bigarren eta azken saioa, “Merkataritza: Negozioen balorazioa eta eskualdaketa” izenburuarekin, urriak 25 ostegunean ospatuko da Azpeitiko Sindikatu Zaharreko lehen solairuan eguardiko 14:30ak eta 16:30ak bitartean. Jardunaldian zehar, negozioen balorazio ekonomikorako irizpideak nahiz hauen eskualdatzean aintzat hartu beharreko xehetasunak aurkeztuko dira. Era berean, kontzeptu teorikoak egoera praktiko eta errealen aurkezpenarekin aberastuko dira. Bigarren jardunaldia gidatzeaz lehen jardunaldiko persona bera arduratuko da, PKF Attest aholkularitza enpresako Eunate Llona.

Erretiro nahiz eskualdatze gaietan interesa duten eskualdeko merkatari guztiei irekia da jardunaldia, hauek merkataritza elkarteetako bazkide izan edo ez. Jardunaldietan parte hartzeko izena ematea gomendatzen da eta hau urriak 23 asteartea baino lehen egitea eskatzen da honako bitartekoak erabiliz:

-        Azpeitia: Xabier Aldalur; bertan.azpeitia@gmail.com; 688 823 944

-        Azkoitia: Sara Rodriguez; herrixen@hotmail.com; 608 313 024

-        Zestoa: Juanjo Allur; jjallur@siadeco.eus; 678 085 387

 

UROLA ERDIKO MERKATARITZA MAHAIA:

Azkoitiko Udala, Azpeitiko Udala, Zestoako Udala, Dendartean - Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomo elkarteen bilkura-, Herrixen –Azkoitiko Merkatarien Elkartea-, Bertan –Azpeitiko Merkatarien Elkartea, Zestoan –Zestoako Merkatarien Elkartea- eta Iraurgi Berritzenek –Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia- osatzen dute eskualdeko merkataritza mahaia. 

Gune honek, eragile kideen artean lankidetza proiektuak garatuz, eskualdeko merkataritza txikia sustatzea du helburu eta azken hilabeteetan ekimen ezberdinak jarri ditu abian. Besteak beste, eskualdeko kontsumo ohiturak ezagutzea helburu zuen “MerkaUrola” azterketa edota eskualdeko  merkataritza sustatzeko abian jarri zen sentsibilizazio kanpaina.

Antolatu berri diren jardunaldien bitartez, egun eskualdeko merkataritzan identifikatu diren bi behar ezberdini eman nahi zaio erantzuna. Batetik, lehen saioaren bitartez, eskualdeko merkatarien adina gero eta nagusiagoa den honetan hauen erretiroa egoki kudeatzeko argibideak eskaini nahi dira. Bestetik berriz, bigarren jardunaldiak, merkataritza establezimendu ezberdinen eskualdatze prozesuen inguruko xehetasunak argitzea du helburu.

 

MERKATARITZA DEKRETU BERRIA; OHARRA:

Amaitzeko, EAE-ko “Turismo, Merkataritza eta Kontsumo” sailak Urriaren 2an jaulgitako dirulaguntza berri baten berri ematen da. Honen arabera, onuradun izan daitezke 2017ko Uztailaren 1az geroztik EJZan alta eman duten merkataritza establezimendu berriak edo ta salmenta puntu berri bat ireki dutenak. Oro har, enpresa berrien sorreran nahiz hauek handitzeko egindako gastu eta inbertsioak lagundu ahalko dira.

Dirulaguntza programa honen berri izan nahi duen merkatari oro, aurrez aipatzen diren harremanetarako datuak jarraituz, bere udalerriko merkataritza elkarteko tenikariarekin jarri daiteke harremanetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide