Udako egun eguzkitsuetan jendez lepo egoten da Saturrarango hondartza. Gaur udatiarren gozagarri dena, baina, orain urte dezente oso bestelako eremua izan zen. 1936ko gerran, garai bateko bainuetxearen hango eraikinak Eusko Gudarostearen kuartela izan ziren hasieran, eta geroago, tropa frankistak Mutrikun sartzean, San Miguel Tertzioko erreketeen jabetzakoak bihurtu ziren. 1938ko urtarrilaren 3an, Gipuzkoako Emakumeen Espetxe Zentrala ireki zuten han frankistek. Zaintzaz eta administrazioaz mesedetako ordenako mojak arduratu ziren. Haiek gogor diziplinatu zituzten presoak; diktadura frankistako espetxe krudelenetarikoa izan zen, hala gogoratzen zuten bertan preso egondako emakumeek eta hala errepara daiteke kontsultatutako dokumentazio historikoan ere. Preso politikoak %89 izan ziren han.
Saturrarango presondegian, emakume gipuzkoarrak ez ezik, Espainiako Estatuko toki ezberdinetakoak sartu zituzten. Carmen Ruiz Peñalvo Malagako bizilaguna gaixorik zegoela eta, haren semeak, Malagako presondegira lekualdatzeko eskatu zuen, Saturraran urrunegi zegoelako amari laguntzeko.
Mutrikuko eta Ondarroako familiek presoei laguntzeko sareak antolatu zituzten
Egoera higieniko tamalgarriak, goseak, klima hotzak eta ziegetan zeuden presoen metaketa handiek gaixotasunak zabaltzea eragin zuten: tuberkulosia, tifusa, bronkitisa, paralisia, nefritisa, minbizia... Eta horien ondorioz, zenbait preso hil ziren. Otordu eskasen eraginez, presoek protesta egiten zuten, eta horren aurrean, mojek zigor ziegetan sartzen zituzten haiek (ikus Izarren argia filma). Mutrikuko Erregistro Zibilaren arabera, 116 emakume eta 56 haur inguru hil ziren kartzelan. Eta Erregistro Zibilean agertzen ez badira ere, kartzelatik irten berritan zenbait preso hil ziren. Egoera tamalgarri horren jakitun, Mutrikuko eta Ondarroako zenbait familiak preso haiei laguntzeko sareak antolatu zituzten: familien eskutitzak eta janaria eramaten zizkieten, besteak beste.Gainera, gizonezko presoek ez bezala, emakume haietako batzuek beren haurrekin bizi behar izan zuten egoera tamalgarri hartan. Dena den, 40ko hamarkadan Espainiako Justizia Ministerioak ateratako agindu baten eraginez, ume haiek 3 urte egiten zituztenean kartzela utzi behar izan zuten. Kasurik onenean, haur haiek senideen etxeetan hartzen zituzten, baina arrazoi ezberdinengatik, heziketa frankista jaso zuten erruki etxeetan sartu zutenik ere izan zen, Prohibido recordar dokumentalean gogoratzen dutenez.
Harea beroaren gainean toalla jarri, krema eman eta itsasertz zoragarrira begiratzean, mundu berri bat eraikitzea posible zela uste zuten emakume haiek faxistengandik pairatu behar izan zuten biolentzia guztiaz inor gogoratuko al da?