Hainbat aburu

Abortatzeko eskubideaz

Erabiltzailearen aurpegia Ione Zuloaga Muxika 2026ko maiatzaren 24a

Haurdun dagoen emakume bat. (Pixabay)

Ione Zuloaga kolaboratzaileak apirileko Azkoitia Guka aldizkariaren 'Hainbat aburu' iritzi atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Abortatzeko eskubideaz'.

Bigarren Errepublikako gobernuak emakumearen askapena ahalbidetu zezaketen zenbait erreforma egin zituen: boto eskubidea, dibortziatzeko eskubidea... Horiek guztiak kaleetan urte luzez egindako borrokaren emaitza ziren.

Gerraren testuinguruan, abortatzeko dekretua onartu zuen Kataluniako Generalitateak. 1937ko urtarrilaren 9ko dekretuak emakumeei eskubidea ematen zien haurdunaldiaren hamabi asteren buruan abortatzeko, izan arrazoi etikoengatik, eugenesikoengatik zein terapeutikoengatik. Horrez gainera, kasu berezietan hiru hilabeteren ostean abortatzeko eskubidea izan zezakeen emakumeak. Epe horretatik aurrera ospitale ofizialetan egingo ziren abortuak, eta horrek bide eman zuen klinika klandestinoen negozioarekin amaitzeko.

Dekretuak 1937ko martxoaren 1ean zehaztapen batzuk ezarri zituen. Generalitateak Katalunian abortuaren legea onartuta ere, Federica Montseny Osasun eta Gizarte Laguntzako ministro anarkistak proposatutako abortuaren lege proiektuari ezezkoa eman zion Errepublikako gobernuak. Hala eta guztiz ere, gobernuaren mendean zeuden lurraldeetan Generalitateko dekretua aplikatzeko erabakia hartu zuen Montsenyk.

Aberatsak Ingalaterrara edo Suediara joaten ziren, eta nahi adina aldiz abortatzen zuten

Emakumeek haien gorputzaren gaineko eskumen handiagoa izatea ahalbidetu zuen abortatzeko eskubideak; hala gogoratzen zuen Montseny ministroak Carmen Sarmientok 1981eko urriaren 1ean egindako elkarrizketan: "Seme-alabez zamatutako emakume askorentzat abortatzeko eskubiderik ez egoteak hondamendia eragin zezakeela jakinda egin nuen (...). Aberatsak Ingalaterrara edo Suediara joaten ziren, eta nahi adina aldiz abortatzen zuten. Behartsuek sendalariengana jotzea edo beraiek abortatzea beste irtenbiderik ez zuten, askotan osasuna eta bizitza galduz. Ospitaletan haurdunaldia artifizialki eteteko baimena ematea askoz ere gizatiarragoa eta logikoagoa zela pentsatu nuen, gutxienez emakumearen bizitza ziurtatzen zelako, baita berak nahi zuenean beste seme-alaba batzuk izateko aukera ere. (...) 40 urte igaro behar izan dira abortuaren legea Frantzian ere legezko egiteko. Hau da, honetan, beste gauza askotan bezala, nazio zibilizatuen buru izan gara".

Diktadura frankistan, berriz, abortatzea delitu egin zuten Zigor Kodearen 3. kapituluko 411. eta 417. artikuluekin. Antisorgailuak debekatu zituzten. Abortu klandestinoak haurdunaldia eteteko bide bakarrenetarikoa ziren, eta, horrela, emakumeak hil ala biziko egoeretara kondenatu zituzten; besteak beste, abortatzeagatik, kartzelara kondenatu zituzten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide