Errudunak hautatzeaz

Erabiltzailearen aurpegia Ione Zuloaga Muxika 2026ko otsailaren 25a

Eibarko emakume batzuk 1933ko azaroaren 5eko erreferendumean botoa ematen. (Indalecio Ojanguren)

Ione Zuloaga kolaboratzaileak urtarrileko Azkoitia Guka aldizkariaren Hainbat aburu iritzi atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Errudunak hautatzeaz.

Bigarren Errepublika emakumeentzat garai berri baten hasiera izan zen. Espainiako Gorteetan, alderdi politiko ezberdinetako kideen artean izandako eztabaida luzearen ostean, 1931ko urriaren 1ean, sufragio unibertsala onartzea lortu zen, eta handik aurrera, emakumeek ere bozkatu zezaketen.

Besteak beste, dibortziatzeko eskubidea, abortatzeko eskubidea –haurdunaldiaren hamabigarren asteren buruan– (gerra betean onartuta, 1937ko urtarrilaren 9an) eta lan mundura sartzeko askatasun handiagoa ezartzen zuten beste zenbait lege ere martxan jarri ziren garai hartan. Bigarren Errepublikak emakumeentzat aurrerapausoa eragin zuen, bai juridikoki, baita politikoki ere, nahiz eta kontraesanak eta mugak ere izan zituen.

1933ko apirileko udal hauteskundeetan izan zuten emakumeek lehen aldiz botoa emateko aukera Azkoitian. Haren ostean, 1933ko azaroaren 5ean ospatu zen Euskal Estatutuaren inguruko erreferendumean ere bai, baita 1933ko azaroaren 19ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan ere. Azken hauteskunde horiek CEDAk (Conferación Española de Derechas Autónomas) irabazi zituen, eta handik aurrera, labur esanda, eskubideen murrizketa izugarria gertatu zen.

1933ko udal bozetan izan zuten emakumeek lehen aldiz bozkatzeko aukera Azkoitian

Urte luzeetan zehar, hauteskunde horiek eskuindarrek irabaztearen arrazoia emakumeek zuten tradizionalismorako joerari egotzi izan diote historialari eta ikertzaile askok. Berriki, zenbait ikerlari adierazten ari dira teoria hori lausoa dela, eta berretsi dute, garai hartan gizartearen joera izan zela halako jarrera kontserbadorea hartzea, ez emakumeena orokorrean; hain zuzen, aurreko urteetan izandako gertaerek izan zutela eraginik gizartearen kontserbadurismorako joeran. Hala berretsi zuen Federica Montseny Errepublika garaian Osasun eta Gizarte Laguntzako Ministro anarkista izan zenak 1981eko urriaren 1ean Carmen Sarmientok egindako elkarrizketan: "No fue el voto de la mujer, fueron una serie de circunstancias de tipo social y político de la época que sería muy largo exponer, lo que determinó que las izquierdas perdieran esas elecciones y las ganaran las derechas. Pero no fue, en absoluto, a causa de las mujeres. Las mujeres conservadoras, evidentemente, votaban conservador y las mujeres de izquierdas votaban a la izquierda. Pero no fue jamás el voto femenino lo que decantó una situación política en España (Ez zen emakumearen botoa izan. Azaltzea oso luzea izango litzatekeen garai hartako zirkunstantzia sozial eta politiko batzuek eragin zuten ezkertiarrek hauteskunde haiek galtzea eta eskuindarrek irabaztea. Baina ez zen izan, inolaz ere, emakumeengatik. Emakume kontserbadoreek, jakina, kontserbadoreen alde bozkatzen zuten, eta emakume ezkertiarrek, ezkerraren alde. Baina Espainiako egoera politikoan ez zuen inoiz emakumeen botoak eragin)".

Aipatutako faktore ezberdinen ondorio izan zen gizartearen kontserbadurismorako joera, eta beraz, 1933ko hauteskundeak CEDAk irabaztea. Zergatik egin zituzten entitate ezberdinek emakumeak, beste behin, ezkertiarrek hauteskundeak galtzearen errudun?

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide