Alberto Martinez Osasun sailburua batzokian izango da ostegunean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EGI 2026ko martxoaren 3a

Alberto Martinez Osasun sailburua. (Irekia)

18:30ean hasiko da Alberto Martinez Osasun sailburuaren solasaldia, batzokian. Azkoitiko EGIk antolatu ohi duen Batzokixen Berriketan egitasmoaren barruan eskainiko du saioa sailburuak.

Azkoitiko Euzko Gaztedi-EGIk antolatuta, Batzokixen Berriketan egitasmoaren barruko saio berri bat izango da aste honetan. Oraingoan, gonbidatua Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua da gonbidatua. Etzi, osteguna, Azkoitiko batzokian eskainiko du hark solasaldia, 18:30ean hasita. 

Topaketan sailburuak euskal osasun sistemaren egungo egoerari buruzko azalpen zabala emango du, arreta berezia jarriz lehen mailako arretaren indartzean eta Osakidetzak dituen erronka nagusietan. Besteak beste, hizpide izango ditu hark osasun zerbitzuen kalitatea, profesionalen egoera, baliabideen kudeaketa eta etorkizuneko ildo estrategikoak.

Era berean, saioan jorratuko du Zumarragako ospitalearen handitze eta egokitzapen proiektua, eskualdeko osasun-arretaren kalitatea eta irisgarritasuna hobetzeko funtsezko egitasmoa den heinean. Azpiegituren eta zerbitzuen indartzeak inguruko herritarren beharrei erantzun eraginkorragoa ematea du helburu, eta horren inguruko xehetasunak ere azalduko ditu Martinezek.

Ekitaldia irekia da, eta interesa duen oro gonbidatuta dago bertaratzera.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide