Miren Elgarresta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria Azkoitiko batzokian izan zen joan den ostegunean, hilak 28. Baztokixen Berriketan egitasmoaren barruan eskaini zuen Elgarrestak hirugarren solasaldia.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, egungo egoeraz hausnartzeko aukera izan zuten han bildu zirenek. Elgarrestak hezkuntzaren garrantzia azpimarratu zuen esparru guztietan, baita erakundeen arteko lankidetzaren beharra nabarmendu ere.
Emakundeko zuzendariaren esanetan, "emakume gehiago" behar dira erabakiguneetan, eta honakoa gaineratu zuen: "Batasuna eta giza balioak bermatu behar ditugu, gizarte berdinzaleago bat izatea guztion esku dago, eta borroka horretan jarraituko dugu".