"Herri mugimendutik eta langile kolektiboetatik eraikitako fronte bat sortu behar dugu, neurri antiproletarioei eta faxismoari aurre egiteko"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko GKS 2026ko urtarrilaren 19a

GKSko kideak.

Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren kontrako manifestazioa egingo du Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 31n, Bilbon. Horren atarian, Urola Erdiko GKSko hiru kidek hartu dute hitza.

Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka mobilizatuko zarete urtarrilaren 31n. Nola ikusten duzue egoera?

Hasteko, aipatu behar dugu kapitalismoa krisian dagoela eta horren ondorioak bizitzen ari garela. Izan ere, oligarkia bere irabaziak mantendu ezinik dabil, eta horri irtenbidea eman eta bere interesak defendatzeko mendebaldeko estatuetan erreforma autoritarioak egiten ari da. Horrekin batera, faxismo berri bat indartzen ari da, zeinak estatuen autoritarismoranzko prozesua azkartzeko balio dion oligarkiari. Bi joerok oligarkia atlantistaren programaren parte dira, beraz, langileriaren aurka egiten dutenak, gure bizi baldintzak suntsitzera datozenak, eta lehentasunezkoa iruditzen zaigu horien kontra langileriaren batasuna artikulatzea. Ongizate mailari eusteko ezintasuna gero eta handiagoa den heinean, ezinegona ere gero eta handiagoa da gizartean. Horren aurrean, langileriaren mugimendu iraultzaile oro neutralizatzeko helburua du estatuen biraketa autoritarioak, eta faxismoak funtzio estrategikoa betetzen du bide horretan. Eskutik emanda doaz. Trump buru dela, AEBak dira horren erakusle gorenak. Kanpo politikan inperialismo bortitzena aplikatzen ari dira, eta barne politikan estatu poliziala indartzen. Erreparatu besterik ez dugu azken egunetako gertakariei: Venezuelari egindako erasoa, Renee Nicoleren erailketa, migranteen aurkako sorgin ehiza eta eskuin muturreko talde paramilitarren jarduna adibide batzuk baino ez dira beste askoren artean. Urruti ikus badezakegu ere, Europa osoan zehar gero eta indar handiagoz zabaltzen ari den fenomenoa da, eta hemen ere ez gaude joera horretatik salbu.

Zergatik da hain garrantzitsua gazteak borrokaren lehen lerroan kokatzea?

Euskal Herrian bidegurutze moduko batean gaudela esan dezakegu. Izan ere, nahiz eta faxismoak ez duen oraindik gorputz politiko bateraturik artikulatu, ideia erreakzionarioak hedatzen ari dira, batez ere gazteen artean. Komunikabideetan, sare sozialetan eta bestelako plataforma digitaletan zabaltzen ari diren diskurtso klasistek eta baztertzaileek gazteen pentsamenduan eragin handia dute, eta igartzen ari da horien presentzia kalean, tabernetako lagunarteko elkarrizketetan eta abar. Beraz, gazteon eginbeharra da joera horien aurrean kontzientzia antifaxista zabaltzea eta faxismoari eta autoritarismoari bidea itxiko dion euste horma bat eraikitzea. Testuinguru horretan funtsezkoa da kaleak hartzea, bai urtarrilaren 31n, baita hortik aurrera ere, faxistek atzera egin dezaten eta joera erreakzionarioek gure kaleetan lekurik izan ez dezaten. Beharrezkoa da Euskal Herriko gazteria kontzientziatzea eta borroka horretan aktibo politiko bilakatzea, faxismoaren eta estatu autoritarioaren gorpuzteak gure bizitzak goitik behera aldatuko baititu, okerrera, noski: euskara are gehiago erreprimituko du, langileen eskubide sozialak eta politikoak ezabatuko ditu, kolektibo zapalduak erasoko ditu, etxegabetzeak egiten jarraituko du, errepresioa eta poliziaren inpunitatea areagotuko du... Horregatik guztiagatik uste dugu orain dela mobilizatzeko unea. Norabide horretan sakondu dugu azken hilabetean egin ditugun aurkezpenetan, komiteetan eta egitarauetan, eta hemendik aurrera egingo ditugunetan parte hartzeko deia zabaldu nahi diogu gazteriari.

Faxismoaz ari zarete, baina, zehazki, zer da faxismoa?

Kapitalismoaren krisi garaian indartzen den mugimendua da faxismoa, oligarkiak status quo-a mantentzeko baliatzen duena. Langileriaren sektore batzuk jotzen ditu krisi horren erantzuletzat, eta beraz, langileriaren aurkako gorroto diskurtsoak eta politikak daramatza aurrera. Ikusi besterik ez dago azkenaldian Desokupa bezalako enpresa faxistek izan duten jarduna, baita Euskal Herrian ere, edota antolakunde eta alderdi faxistek egiten dituzten aldarrikapenak, etorkinen deportazio masiboak eta abarrak eskatuz. Faxisten ikuspegia ultranazionalismo erreakzionarioan oinarritzen da, eta beraz, kultura eta esentzia horretan sartzen ez diren guztiak zapaltzen ditu. Hots, etorkinak edota kolektibo minorizatuak jopuntuan ditu. Halaber, Euskal Herria ez da oasi bat, eta badira euskal nortasunaren izenean diskurtso faxistak zabaltzen hasi direnak ere, eta gaurdanik horren guztiaren aurkako indar antolatu bat behar dela uste dugu. Laburbilduz, langile klasearen aurkako gorroto ideologia da faxismoa, ideia klasista, supremazista eta baztertzaileak dituena, eta bere forma politikoa estatu autoritarioa da.

Faxismoak estatuen biraketa autoritarioan sakontzen du, beraz. Zer esan nahi du horrek?

Funtsean, faxismoak estatu autoritarioak gorpuzten ditu, horren erakusle izanik XX. mendeko esperientziak. Baina faxismoa, eta horrekin estatuen autoritarismoaren gorakada, ez dira iraganeko kontuak. Kontrara, egun nagusitzen ari diren joerak dira. Mundu mailako hainbat adibide aipatzen hasi bagaitezke ere, ez daukagu urrutira joan beharrik horren zantzuak ikusteko. Izan ere, geure herrian azken aldian bizi izan ditugun errepresio kasuak biraketa autoritario horren adierazle gordinak dira. VOX alderdi faxistari aurre egiteagatik edota gehiegikeria polizial batek sortutako iskanbilagatik herrian 43 auzipetu izatea ez da zorte txar kontua. Bide batez, doakiela hemendik gure babes eta elkartasuna auzipetuei. Estatuen autoritarismoa horretara dator, hain justu. Batetik, estatu poliziala ezarri nahi du: poliziak erabateko zigorgabetasuna izango duena eta bere indarkeria normalizatuko duena. Horrekin batera, legedia eta botere judiziala ere erreformatzen ari da langile klasea are gehiago itotzeko asmoz, bai aurretiaz konkistaturiko eskubide politikoak, sozialak edota sindikalak deuseztatuta, bai eta adierazpen askatasuna eta protestarako eskubidea bera erasotuta ere. Euskal Herrian, EAJ dugu joera horien bultzatzaile nagusia: poliziaren indarkeria justifikatzen du, baliabide gehiago eskatu, gazteria kriminalizatu... Marko erreakzionarioa bere egin du, horrek dakarrenarekin. 

Mugimendu faxista berri bat gorpuzten ari dela diozue. Nondik dator gorakada hori?

Alde batetik, testuinguru orokorrari erreparatu behar diogu, krisi kapitalistak ezaugarritzen duena. Proletarizazio prozesuak eta erdi mailako klaseen deskonposizioak bizi mailaren galera ekarri dute, eta horren aurrean jarrera erreakzionarioak bereganatu ditu jendartearen zati handi batek, lehen izandako bizi baldintza horiek berreskuratzeko grinaz edota oraingoak galtzeko beldurrez. Bestetik, azken urteetako ezker instituzionalaren porrota aipatu behar dugu. Sozialdemokraziak langile klaseari promesa faltsuak egin dizkion bitartean, enpresarien eta bankarien politikak aplikatu ditu eta langile klasearen gaitasun ekonomikoa txikitzen joan da etengabe. Horrek desatxikimendu handia sortu du sektore askotan, eta erreakziorantz jo dute horiek. Hala, faxismoa, bere burua alternatiba gisa aurkezturik, egoera hori probesten ari da deskontentu hori eskuinerantz polarizatzeko, horren adierazle izanik alderdi klasikoen beherakada eta alderdi faxista berrien hazkundea Europa osoan zehar.

Ezker instituzionala aipatu duzue, zein da bere jarrera honen guztiaren aurrean?

Alderdi instituzionalek ez dute ez gaitasunik, ez eta borondaterik mendebaldeko oligarkiak ezartzen duen programari aurre egiteko. Europako agintariei men eginez, PSOEk –sostengatzen duten alderdi guztien oniritziarekin– gidaturiko ezkerreko gobernuak erreforma eta neurri autoritarioak ezarri ditu: aurrekontu militarrak igotzea, Ukrainara armak bidaltzea, Israelekin harreman diplomatikoak mantentea, Mozal Legea, langile borroken errepresioaren eta poliziaren inpunitatearen gorakada... Horrez gain, argi geratu da faxismoari aurre egiteko ere instituzioen bidea erabat hankamotz geratzen dela. Izan ere, orain artean ez dute ezer egin faxismoak pausorik eman ez dezan; kontrara, bidea ireki diote antolakunde faxistak legalizatuz edota manifestazioak baimenduz. Are gehiago, beren burua antifaxistatzat duten alderdiek ere erantzun antifaxista kriminalizatu dute egon denean. Gogora ditzagun Falangearen bisitak eta horri emandako erantzunak ekarri zituen erreakzioak: batzuek zuzenean gazte antifaxistak faxistekin parekatu zituzten, eta besteek, eskrupulurik gabe kriminalizatu. Antifaxismo bitxia horiena, alajaiana. Argi dugu alderdi instituzionalek ez dutela egungo egoerari aurre egiteko neurririk hartuko; kontrara, egoera horretan sakontzen laguntzen ari direla frogatzen ari da. Gazteoi, egoeraren erantzuleak salatzea eta haien aurka antolatzea eta mobilizatzea dagokigu. 

Zer da, beraz, zuen ustez egin beharrekoa? Nola egin faxismoari aurre?

Batetik, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka indarrak batu behar ditugu langile klaseko kideok. Gure apustua langileriaren antolakuntza propioz gidatutako frente zabal bat osatzea da, erantzun eraginkorra emateko gai izango dena, eta aldi berean, faxismoari antolatzeko baldintzak deuseztatuko dizkiona. Herri mugimendutik eta langile kolektiboetatik eraikitako fronte bat sortu behar dugu, estatuetatik datozen neurri antiproletarioei eta faxismoari aurre egiteko. Bestetik, faxismoari kaleetan aurre egin behar diogu, eta eroale den joera eta ideia erreakzionarioak desmuntatu behar ditugu. Beraz, faxismoa borrokatu eta ideia erreakzionarioak desegin, modan jarri nahi dituzten errelato arrazistak, supremazistak, iruditegi matxistak eta abarrak baliogabetuz. Faxismoari eremu guztietan egin behar zaio aurre, eta horretarako prest egon behar dugu.  Bide horretan, berebizikoa da Euska Herrian faxismoari pasatzen utziko ez dion gazteria antifaxista indartsu bat dagoela adieraztea horrelako mobilizazioen bidez. Faxistei mezu bat bidali behar diegu, ezingo dutela aurrera pauso bat gehiago eman, ez hemen eta ez inon.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide