Duela egun gutxi onartu da Espainiako Kongresuan mendekotasunari buruzko lege berria. Aurrerapauso batzuk jasotzen dituen arren, familia barruko zaintzari eta zaintzaileen aitortzari dagokienez hutsune handiak izaten jarraitzen duela dirudi.
Azkoitian bertan badugu %70etik gorako mendekotasuna duen gazte baten kasua. Bere familiak urteak daramatza semearen garapen pertsonalaren alde lanean, eta kezka nagusia ez da baliabide gehiago falta direla, baizik eta dauden baliabideek ez dutela espero zen aurrerapena ekarri. Hezkuntza pertsonalizatua aldarrikatzen da, baina urteak igaro dira benetako hobekuntzarik gabe.
Familiak ez du baliabide gehiago eskatzen. Antolaketan eta hezkuntza-ibilbidean aldaketa txiki batzuk proposatzen ditu, gaztearen beharretara hobeto egokitzeko. Hala ere, badirudi datorren ikasturtea ere orain arteko eredu berarekin hasiko dela. Horrek frustrazioa eta etsipena besterik ez ditu sortzen.
Zaintzaren inguruan ere eztabaida handia piztu da azken asteotan. Denok dakigu zaintza lanik gehiena familiek egiten dutela, eta bereziki emakumeek hartzen dutela ardura hori. Hala ere, lan hori ez dago behar bezala aitortuta ezta babestuta ere. Zaintzailearen zaintzaz asko hitz egiten da, baina mendekotasun handia duten pertsonen familiek ia ez dute atseden hartzeko aukerarik.
Horren guztiaren ondorioz, gazte askoren etorkizuna eguneko zentroetara bideratzen da. Baliabide baliotsuak dira, baina askotan ez dira gazte baten garapen pertsonalerako aukerarik egokiena.
Horregatik uste dugu ezinbestekoa dela pertsona benetan erdigunean jartzea. Eta horretarako, ezinbestekoa da komunitatea indartzea. Herritarren arteko harremanak sendotu behar ditugu, boluntariotza sustatu eta egunero isilean lanean ari diren pertsonak aitortu.
Azkoitian baditugu norabide horretan lanean ari diren ekimenak. Azkoitiko Babes Sareak (ABS) alzheimerra, parkinsona eta bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pertsonak eta haien familiak laguntzea du helburu. Boluntarioen bidez atseden uneak eskaintzen dira, familien arteko sareak sortzen dira eta profesionalekin hitzaldi eta formazio saioak antolatzen dira.
Artikulu hau prestatzen ari ginela, beste eskaera bat ere iritsi zaigu: ABSk eskaintzen duen psikologo zerbitzua oso positiboki baloratzen dute erabiltzaileek, eta datorren urteko udal aurrekontuetan zerbitzu hori handitzeko eskaera egin dute, ahal bada irailaz geroztik.
Azkenaldian komunitatearen garrantziaz ere gero eta gehiago ari gara hitz egiten. Parte-hartzetik komunitatea eraikitzera egin behar dugu jauzia. Horren adibide ederra da Kafe Mundialak ekimena, herrira etorri berri diren pertsonen integrazioa eta elkar ezagutzea sustatzen dituena.
Egunotan irakurri dugu Gukan irakurri dugu zaintzarako azpiegitura berriak sustatzeko Gipuzkoa Zainduz programaren deialdia zabaldu dela. Horrelako albisteek erakusten dute zaintzaren inguruko kezka gero eta handiagoa dela. Baina baliabideez gain, komunitatea ere behar dugu.
Azken egunotan mendekotasunari buruzko hainbat mezu eta eskaera jaso ditugu. Guztiek norabide bera erakusten dute: pertsona erdigunean jartzea ez da eslogan bat izan behar, eguneroko erabaki eta politika publikoen oinarria baizik.
Azkoitia Baik argi dauka: komunitate sendo batek bakarrik bermatuko du zaintza duina, zaintzaileak ere zainduko ditu eta pertsona bakoitzari bere proiektua garatzeko aukera emango dio. Hor dago etorkizuneko erronka.