Maiatzaren Lehenak jardunean harrapatu nau; ez lan gogorrean, baina bai biharrean. Gure udal politikan, ordea, badirudi jarduna bera dela jardun nagusia: hitz egin, hitz egin… eta erabakiak, ahal bada, geroago.
2023–2027 agintaldia elkarrizketarena izango zela esan zigun alkateak. Eta ezin ukatu: hitz egiteko aukerak ez dira falta izan. Beste kontu bat da elkarrizketa horrek zertarako balio duen. Oposiziotik behin eta berriz esan dugu: elkarrizketak erabakiak partekatzeko balio ez badu, gure herrian badu izen zehatzago bat —jarduna.
Apirileko udal batzarrean argiago geratu zen kontzeptuen arteko nahasmena. Izan ere, oposiziotik benetako elkarrizketa proposatzen dugun bakoitzean —hau da, erabakiak guztion artean hartzea—, erantzuna antzekoa izaten da: herria blokeatu nahi omen dugu. Bitxia, elkarrizketa eskatzea blokeotzat hartzea.
Are bitxiagoa da herriko proiektuetan eta lehentasunetan adostasunak bilatzeko proposamenak egitean jasotako erantzuna: ezezko borobila. Elkarrizketaren agintaldian, noski.
Horren aurrean, galdera sinple bat geratzen da airean: zer da benetan blokeoa? Elkarrizketa bidez erabakiak partekatzea proposatzea, ala proposamen horiek sistematikoki baztertzea?
Agian arazoa ez da elkarrizketa falta. Agian arazoa da elkarrizketa batzuk hitz egiteko bakarrik direla… eta beste batzuk, berriz, deserosoak direlako, blokeotzat jotzen direla.
Eta horretan bai, jardunean, badirudi maila ona dugula.