1. Aurreko bilkurako aktaren onespenak, hala badagokio.
Ados.
2. 2025 ekitaldirako udal araudi planaren onespena.
Araudi plana egin beharra dagoela legeak esaten du, baina bertan jartzen dena egiteko derrigortasunik ez dago. Dena den zerbaitegatik jartzen dira, araudi, ordenantza, diru laguntza, … berriak egin beharra, edo lehendik dauden beste batzuen aldaketak/eguneraketak. Guk hemen idatzita daudenak onartzeko ez dugu inongo eragozpenik, ea idatzita dauden gehienei irtenbide egoki bat emateko gai garen.
3. Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia-kidegoetako agenteen kategorian sartzeko 6. hautaketa-prozesu bateratuaren kudeaketa materialaren gomendioa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari emateko hitzarmenaren onespena.
2019tik ari gara esaten Arkauteko hautaketa prozesuak akatsak dituela, udaltzainen plazetan, eta batik bat bitartekoetan mugimendu handia dagoela, eta euskararekin ere, askok, zailtasun handiak dituztela. Orain probintziako hiru herri batu dira, Azpeitia, Zumaia eta Getaria prozesu berri bat abiatzeko. Arkauteko prozesuari beste alternatiba bat eman diezaiokegula erakusten digu honek, eta gertutik jarraitu behar genukeela iruditzen zaigu. Dena den, guk Azkoitian behar dugun udaltzain plaza hau Zumaira eskatu ahal izateko, gaur egun oraindik prozesu berri honetan hutsune handiak ikusten ditugu, teknikoki oraindik ez dago garatuta. Eta bestalde Arkauteko prozesuari orain ez badiogu baietza ematen berriz, kanpoan geldituko gara. Beraz, udaltzain plaza hori betetzea nahi badugu, gaur egun berme denak eskaintzen dizkigun prozesuan izena ematea erabaki dugu, hori bai, horretarako beharrezkoa den baiezko bakarrarekin eta bi abstentzio kritikoekin.
4. Kale garbiketa zerbitzuari dagokion kredituen judizioz kanpoko aintzatespenaren onespena.
Lizitazio honetan atzerapenarekin ibili zarete. Martxoan indarrean sartuko den lizitazio berria martxan jarri aurretik, eta kontratu zaharra bukatu ondoren hilabete batzuk pasa dira. Hori horrela, tarte horretan egin diren lanak era honetara ordaintzea tokatzen zaigu eta baietz bozkatuko dugu.
5. Alkatetzaren proposamena, Partaidetzako Aurrekontuak 2025-2026, Konpromiso politikoaren ingurukoa.
Herritarren parte hartzea sustatzea da agintaldi honetako gure helbururik garrantzitsuenetakoa, eta alderdi denon konpromisoa ezinbestekoa dela esango genuke. Herriari ahal den erabakigarritasun gehiena ematea nahiko genuke, horretarako espazio aproposak sortuz. Ea ba denon artean lortzen dugun.
6. EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako mozioa, Mendebaldeko Saharako herriaren eskubide legitimoen defentsaren ingurukoa.
Dagoeneko, gure taldeak, mozio eta adierazpenen aurrean duen jarrera ezaguna egingo zaizue. Ez zaizkigu inondik inora eraginkorrak iruditzen. Beraz, mozio eta adierazpenen aurrean ezetz bozkatzen jarraituko dugu, honelako gaietan, beti bezala lanerako eta herritarrekin egingo diren beste ekimenetarako gure prestutasuna adieraziz.
7. Martxoak 8rako adierazpenak: EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutakoa eta EH Bildu udal taldeak aurkeztutakoa.
Mozio eta adierazpenen aurrean gure ezezkoa.
8. Behin betiko onespenen berri ematea.
9. Aurrekontuari buruzko informazioa.
10. Galde-erreguak.
Bihar egingo dugu Urbanuaren lizitazioaren lehen kontratazio mahaia, eta PSE-EEren sarrera baten bitartez eta komunikabideetan, gure herritarrak diskriminaturik zeudela irakurri genuen. 2025-01-20ko Tokiko gobernu batzordean gaia aipatu zen eta aztertzekotan gelditu ginen. PSE-EEk otsailaren 4ean egin zituen azalpen hauek , baina ondoren ez dugu berri gehiago jaso, eta gaia nola dagoen jakin nahi genuke, ea beste mugimendurik egin duzuen, mozio bat ere sartuko zenutela idatzi zenuten, baina plenoa bukatzear gaude eta ez duzunez ezer berririk aipatu, jakin minarekin gelditu gara eta galdetzea pentsatu dugu.